Getxoko Jazzaldirako izena emoteko epea zabalik dago

Bizkaie! 2006-12-12 01:00   Musikea

Getxoko XXXI. Nazinoarteko Jazzaldiaren talde lehiaketea 2007ko garagarrilaren 4tik 7ra bitartean egingo da eta horretan parte hartu gura daben talde guztiek datorren urteko zezeilaren 17ra arte emon ahal izango dabe izena.

Getxoko XXXI. Nazinoarteko Jazzaldiaren talde lehiaketan izena emoteko epea zabalik dago honezkero. Lehiaketa 2007ko garagarrilaren 4tik 7ra bitartean egingo da eta horretan parte hartu gura daben talde guztiek datorren urteko zezeilaren 17ra arte emon ahal izango dabe izena.

Jazz musikea joten dauen Europako edozein talde aurkez daiteke lehiaketara, joera edo estiloa edozein izanda be. Parte hartzeko gehienezko edadea 30 urtekoa da, 2007 urtean betetekoa eta izena emoteko orduan erakutsi beharrekoa.

Parte hartzeko eskabide orriei, taldearen kalidadearen egiaztagarri izan daitekeen materiala ganeratuko jake; taldeak grabautako CD bat eta kalidade oneko argazki bat ezinbestekoak dira.

Behin eskabide guztiak jasota, Getxoko Jazzaldiaren epaimahaiak hautagaien behin-betiko aukeraketea egingo dau martian. Hilebete horretan bertan, finalean parte hartuko daben taldeen izenak jakinarazoko dira. Ohikoa dan legez, aukeratutako lau finalistek esku-dirua jasoko dabe, 900 eta 1.800 euro artekoa, kontzeptu guztiak barne (bidaia, egile-eskubideak...), eta egonaldia antolatzaileen esku egongo da.

Finalista bakotxak jaialdiko lehenengo lau egunetan parte hartuko dau eta irabazleak barriro joko dau azken egunean.

Sariei jagokenez, 3.000 euro jasoko ditue irabazleek eta disko bat grabauko jake zuzenean. Bigarren sariari 1.200 euro jagokoz eta, azkenik, bakarlaririk onenak 600 euro irabaziko ditu. Sariez gan, irabazleek Hoeilaarteko (Belgika) eta Ibizako jazzaldietan parte hartuko dabe, Getxo Jazzek jaialdi horreen antolakuntza taldeekaz dituan akordioei esker.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu