Nömada TX filma osotzen dauen diskoa kalean dago
2006-11-30 01:00 MusikeaIndia, Mongolia, Laponia, Sahara eta munduko beste hainbat txoko inspirazino-iturri legez erabili ostean, Harkaitz Martinez de San Vicentek eta Igor Otxoak Donostiako Zinemaldian aurkeztutako Nömada TX filmean oinarritutako diskoa atara dabe.
India, Mongolia, Laponia, Sahara eta munduko beste hainbat txoko inspirazino-iturri legez erabili ostean, Harkaitz Martinez de San Vicentek eta Igor Otxoak Nömada TX filma aurkeztu eben Donostiako Zinemaldian. Orain, film horretan oinarritutako diskoa atara dabe baina ‘soinu bandea izan arren, ez dogu soinu banda legez aurkeztu gura; esan geinke batak bestea osotzen dauela’, dino Harkaitzek. Lau urte baino gehiagoko lanaren frutua da diskoa eta, txalapartea oinarrian hartuta, hainbat giza-talde nomadetako kideei omenalditxua egin eta euren moldakortasuna txalapartearen moldakortasunagaz alderatzen dabe: ‘disko hau moldakortasunaren espilua da’.
Nömada TX diskoa hainbat elementuz horniduta dator: ohiko CDaz gan, bidaietan eginiko soinu eta musika grabazinoak batzen dituan CD bat be badakar eta, ganera, filmaren trailerra eta bidaia liburutxua be topau geinkez. Bestalde, bada ale bakotxa berezi egiten dauen beste ezaugarri bat be: CD kutxa bakotxak filmaren sei fotograma ekarriko ditu, hau da, Nömadak TX filmaren zeluloidezko benetazko sei fotograma.
Taldeak autoproduzinoari eutsi deutso diskoa atarateko eta, horretarako, Txalap.ART zigilua sortu dabe, banaketeaz Elkar arduratuko dan arren (lehenengo diskoa eurekaz atara eben 2001ean 'Endorphina' izenburupean). Durangoko azokan, Talka zigiluagaz jarriko dabe stand-a. Talka zigiluak Fermin Muguruzaren lanak ataraten ditu eta, Oreka Tx-en esanetan, badagoz euren eta Muguruzaren arteko parekotasunak, hau da, autoproduzinoa, diskoa nazinoartean grabau izana, musikeagaz batera ikus-entzunezko proiektuak egin izana eta abar luze bat.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!