'Hauxe', bapatekotasunean dagoalako diskoaren xarma

Bizkaie! 2006-11-30 01:00   Musikea

'Hauxe' diskoko kantuak eta artista bakotxaren errepertorioko kantuak zuzenean entzuteko aukerea egongo da datozen egun eta asteetan. Lehenengo hitzordua Durangoko Plateruena Kafe Antzokian izango da abenduaren 9an.

Euskal musikagintzan izen potoloak diran Petti, Rafa Rueda eta Txuma Murugarren alkarregaz datoz 'Hauxe' izeneko disko berezian, raritys legez definiduteko moduko diskoan.

Gaztelupeko Hotsak diskoetxearen proposamenari erantzunez, bakotxaren bakardadean sortutako kantuak dira diskora batutakoak baina, halan da be, 'hiruron presentzia igarten da kantu guztietan', Rafa Ruedak adierazo dauenez. Era berean, ezerezetik eta bapatean sortutako diskoa izanik, bapatekotasun horretan dagoala diskoaren xarma esan dau Txuma Murugarrenek.

Asteburu-pasa, lagun artean, Azkarateko estudioan egindako saioaren emoitza zuzena da diskoa. Danetara, zazpi kantu dira; lehenengoa, 'Gaua eta kea' izenekoan hirurak agiri dira eta ganerakoan, bina eskaintzen ditue. 'Xoria kantari' eta 'Txomin Iantziren kantua' Pettik sinatzen ditu; 'Hau dena errazagoa da beti' (Jon Benitoren berbakaz) eta 'Atean joka' Txuma Murugarrenek eta, azken buruan, 'Hodeietan' eta 'Boga boga' klasikoaren bertsinoa, Rafa Ruedak.

Txuma, Rafa eta Pettigaz batera, ondoko musikariek parte hartu dabe diskoan: Mikel Ramirez (gitarristea), Natxo Beltran (bateria), Ekaitz Hernandez (baxua), Rafa Acebes (tekladuak), Rufo Urbina (bateria), David Gonzalez (baxua), Mikel Azpiroz (hammond c3, north electro eta sintetizadoreak), Josu Zabala (soinu txikia), Bingen Mendizabal (bioelektra) eta Alex Ruiz de Azua (harminkea). Teknikari lanetan, barriz, Jonan Ordorikaren lana nabarmendu behar da.

'Hauxe' diskoko kantuak eta artista bakotxaren errepertorioko kantuak zuzenean entzuteko aukerea egongo da datozen egun eta asteetan. Lehenengo hitzordua Durangoko Plateruena Kafe Antzokian izango da abenduaren 9an.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu