Helduei be zuzendutako umeen literaturea
2006-10-03 02:00 Kulturea‘Txabola terapeutikoa’ lanean gurasorik bako mundua irudikatzen dau Pako Aristik. Protagonistak aitita-amumak eta gaixorik dagoan lobea dira eta aititak umea nagusi legez tratetan dau.
Unai Elorriagaren 'Matxinsaltoen belarriak' lanean heriotzea hur-hurretik jorratzen da, 'askotan umeek helduek atarako ez dabezan ondorioak ataraten dakie-eta' .
‘Liburuak ez dira tamainuaren arabera neurtzen’. Esaldi horregaz hasi dau Elkar argitaletxeko editore Mitxel Muruak Pako Aristiren ‘Txabola terapeutikoa’ eta Unai Elorriagaren ‘Matxinsaltoen belarriak’ liburuak aurkezteko Bilbon egindako prentsaurrekoa. Bertan, liburuak irudiz jantzi dituan Eider Eibar marrazkilaria be izan da. Printzipioz, umeei zuzendutako liburuak dira baina mezuak umeentzat zein helduentzat dirala azpimarratu dabe behin eta barriro idazleek.
‘Liburuak beti dauka bere ganean txikitasun karga hori baina nik dana idazten dot gogo eta grina beragaz’. Aristiren berbak dira horreek. ‘Txabola terapeutikoa’ lanean gurasorik bako mundua irudikatzen dau, protagonistak aitita-amumak eta gaixorik dagoan lobea dira. Aititak umea nagusi legez tratetan dau. ‘Orain, dana daukagu sailkatuta, umeek zer jan behar daben, euren jokabideak... Horren kontrako aldarria da liburua’. Horregaitik, gurasoak agertu be ez dira egiten, ‘birritan edo hirutan aitatu arren’. Arestiren esanetan, ‘gurasoek daukien presentzia larregiaren kontra be egin gura izan dot aldarria, umeakan presentzia itogarria daukielako’. Idazlearen ideiak zeintzuk diran jakinda, guraso askok atzera egin leike baina eurei zuzendutako lana be badala gogorarazo dau idazleak: ‘8 eta 12 urte bitarteko umeentzat, 35-45 urteko gurasoentzat eta 65-80 urteko aitite-amumentzat da aproposa’. Obrea alkarrizketa hutsean dago idatzita, ‘zati txiki batzutan ezik; horreetan, irakurleak berak jakin behar dau nor dagoan berbetan, estiloaren arabera’.
Unai Elorriagak adi-adi entzun ditu Aristiren berbak eta Vredaman liburua ekarri dau gogora. ‘Lau istorio kontetan ziran bertan eta horreetariko bat Tomas umearen ganekoa zan; bera da oraingo lanean protagonista nagusia’. Elorriagak hiru urte inguru emon ditu ‘Matxinsaltoen belarriak’ liburua borobiltzen. ‘Nik banekien ume batek ez leukela sekula Vredaman liburua irakurriko. Horregaitik, umeek irakurteko moduko formatoan eta erdi esperimento legez atara dot liburu hau’. Amaiera gogorra dauka liburuak, heriotzea protagonistea dalarik, 'baina askotan, umeek heldu batek atarako ez dituan ondorioak ataraten ditu’. Horreek bilatzen ditu bizkaitarrak argitaratutako azken lanean.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!