Praileaitz arriskuan?

Julen Gabiria 2006-09-29 02:00   kulturbiz

Inoz edo behin egin dogu berba Zestoako Ekain kobazuloaz eta 2007ko udabarrian zabaltzekoa dan Ekainberri erreplikeaz. Ez da orrialde honetan sarritan darabilgun gaia, baina merezi dau begiradatxo bat gure kulturearen oinarri izan ziran bizilekuei.

Inoz edo behin egin dogu berba Zestoako Ekain kobazuloaz eta 2007ko udabarrian zabaltzekoa dan Ekainberri erreplikeaz. Ez da orrialde honetan sarritan darabilgun gaia, baina merezi dau begiradatxo bat gure kulturearen oinarri izan ziran bizilekuei. Horixe egingo dogu oingoan be, adituek sano garrantzitsua dala dinoen aztarnategi bat hizpide hartuta: Praileaitz, justu oin dala urtebete albistegi guztietan agertu zan kobazuloa.

Praileaitz I izeneko kobazuloa mendi hegal baten dago, Deba errekatik berrogeta hamar metrora, Deba eta Mendaro artean. Aztarnategi horretan Madeleine aroko (oin dala 15.500 urte) errituetarako hondar batzuk topau ziran, eta Europa osoan ez dago holakorik. Halanda be, eta Praileaitz II aztarnategiagaz pasau zan modu berean, kobazulo honek harrobi bat dauka alboan, eta egun batetik bestera gehiago jabilko hurreratzen.

Kobazuloa 1983an deskubridu eben Miel Sasieta eta Juan Arruabarrenak, eta, geroztik, inguruaren prospekzino-kanpaina sistematikoa egin dabe. Gero, Aranzadi Zientzia Alkartea ustiaketa lanak egiten hasi zan, eta, 2000. urtean premiazko indusketa bat egin eben, konturatu ziralako harrobiak kalte egingo eutsala kobazuloari, oin dala hamarkada bi Praileaitz II izenekoari pasau jakon moduan.

Lanak diskrezino handiz egin dira. Izan be, 2001ean ikertzaileak konturatu ziran sano ezaugarri bereziko aztarnategia zala: errituen alderditik begiratuta parebakoa eta mundu osoan aurrekaririk bakoa, eta ez zan komeni garrantzi handiegia emotea lanei, kobazuloa ahalik eta gehien babestu ahal izateko. Bertan, 29 zintzilikari topau ziran, gehienak harri baltzakaz egindakoak eta diseinu eta apaingarri landuakaz. Gainera, okre-arkatzak agertu ziran inguruan, eta, zintzilikari horreetako batzuetan kolore horren markak ikusten ziran. Itsasoko karakolak be agertu ziran, baina ez beste kobazulo batzuetan lez kopuru txikian, ezpada leku konkretu baten pilatuta eta berrehun karakol baino gehiago.

Goi-Paleolitoan, eta, zehatzago esateko, Madeleine aroaren hasieran, gizakiak kobazulo asko eukazan okupauta Debabarreneko inguru horretan. Hor dagoz, besteak beste, Ermittia, Urtiaga, Langatxo edo Iruroin kobak. Praileaitz I ez da lar leku handia, baina bai erosoa, persona batentzako egokia. Hori da kobazulo honen ezaugarrik berezienetakoa: ez ebala okupau giza talde batek, ezpada, seguruenik, gizaki bakar batek, topau diran hondarrak kontuan hartuta. Ez da topau tresnarik, lanean ibilitako inoren arrastorik edo faunarik: topau diran gauza bakarrak errituetako elementuak dira, eta horregaitik da hain garrantzitsua leku hau.

Praileaitzeko gizaki bakar horrek sutea eukan (erretako hazurrak topau dira), eta aulki bat be bai, kobazuloaren sarreran. Gero, hurrengo aretoan material asko agertu dira: modu perfektuan ordenautako lepokoak, batez be. Lepoko batetik besterako tartea homogeneoa da beti, eta erdiko pieza da danetan politena. Halanda ze, sorkuntza maila altua ikusten da hor, baina ekintza horrek ez dauka asmo dekoratibo edo artistiko hutsa: funtzino praktikoa be badauka, funtzino hori zein ete zan zehatz asmetea hain erraza ez bada be. Azken baten, Praileaitzen bizi zan gizakiak asmo espiritualeko ekintzak egiten zituan.

Europan aztarnategi gitxi dagoz hain argi bereizten dabenak jarduera errituala eta eguneroko bizimodua. Esate baterako, Behenafarroako Isturitzen mota honetako kobazulo garrantzitsu bat dago, baina han nahastauta dagoz eguneroko bizimodua eta errituak. Praileaitz, barriz, aparteko mundu bat da, ikerlarientzat guztiz barria zentzu horretan.

Baina ustiaketa lanak ez dira horretan geratu: lehenengo bi aretoak topau ostean, 50 metro karratu inguruko hirugarren areto bat topau dabe, eta daborduko pintura arrastoak hasi dira agertzen. Eta, areto horren azpian, aro zaharrago bateko hondarrak dagoz, oin dala 17.000 urteko piezakaz. Hori gitxi ez, eta, beste galeria baten, 25.000 urteko hondarrak dagoz. Halanda be, sorpresa gehiago egon daitekez oindino. Alboan, baina, harrobi bat dago, apurka-apurka harria jaten, gero eta gehiago hurreratzen gure kulturearen sustraietara. Arriskuan ete dago Praileaitz? Momentuz, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Debako Udalak akordioa lortu dabe indusketakaz beste bi urtez segiduteko, baina dudea hor dago. Praileaitz arriskuan ete dagoan ez dakigu, baina galdera hori egite hutsa bildurgarria da, eta lotsagarria.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu