Izarrak ugari Bakioko XX. Musika Astean
2006-07-11 02:00 MusikeaGaragarrilaren 14an hasi eta 18tik 21era eta 25etik 29ra bitartean egingo dan Bakioko Musika Astearen XX. edizinoaren harian, Bakioko Udalak eta Bakioko Abesbatzak, Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntzinoagaz, egitarau ederra preparau dabe.
Garagarrilaren 14an hasi eta 18tik 21era eta 25etik 29ra bitartean egingo dan Bakioko Musika Astearen XX. edizinoaren harian, Bakioko Udalak eta Bakioko Abesbatzak, Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntzinoagaz, egitarau ederra preparau dabe. Ohikoa dan legez, era guztietako musika estiloak izango dira entzungai eta aurten be folk talde euskaldun ezagunen ekitaldi bat eta nazinoartean entzute handiko musikarien kontzertu klasikoak buztartu dira. Ganera, omenaldi xume bi egingo dira: batetik, Wolfgang Amadeus Mozart austriar musikari bikaina jaio zanetik 250. urteurrena ospatzen dan urtean eta, bestetik, Juan Crisóstomo Arriaga Balzola musikari bilbotar handia jaio zanetik berrehun urte bete dirala kontuan hartuz, interprete askok konpositore bi horreen obrak sartu dabez euren programetan, omenaldi xume modura.
Edizino honetako lehenengo kontzertua garagarrilaren 14an izango da udal kiroldegi barrian gaueko 22:30ean, eta protagonistak Kepa Junkera eta Mikel Urdangarin izango dira. Kontzertu honetarako bost euroko sarrerea pagau behar izango da eta, garagarrilaren 29ko emonaldiagaz batera, Andra Mari eleizatik kanpo egingo dan ekitaldi bakarra izango da. Ganerako kontzertu guztiak Andra Mari eleizan izango dira, 20:00etatik hasita.
Musika Asteak garagarrilaren 18an jarraituko dau Quiroga Laukotearen errezitaldiagaz. Hurrengo egunean, Cristina Sánchezek (arpa) eta Silvia Gutiérrezek (gitarra) osoturiko bikote bereziaren txandea izango da; hilaren 20an, Valeria Stenkina soprano errusiarrak abestuko dau, Iosif Livshits piano-jotzaileak lagunduta. Azkenik, hilaren 21ean, Conductus Ensemble taldeak amaierea emongo deutso kontzertuen lehenengo txanda honi.
Tarte labur batean ostean, kontzertuei ostera be ekingo jake garagarrilaren 25etik aurrera; egun horretan, Ensemble Euskadi Ganbera Orkestrearen txandea izango da. Egun bat geroago, Silesiako Ganbera Orkestreak joko dau eta hilaren 27an, Natalia Protonova piano-jotzaile handiaren emonaldia izango da. Andra Mari eleizako azken kontzertua, hilaren 28an, Bakioko Abesbatzaren eskutik entzun ahal izango dogu, Joxe Benantzi Bilbao organo-jotzaileak lagunduta eta Alberto Tejerinaren zuzendaritzapean. Horrenbestez, XX. Musika Astea garagarrilaren 29an amaituko da Zubiaurrealdeko pabilioian Suffolk Youth WIid Band taldeak eskainiko dauen kontzertuagaz.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!