Kepa Junkerak irailaren 4an kaleratuko dau ‘Hiri’ diskoa
2006-06-16 02:00 MusikeaAzken hamar urteotan kanpoko disketxeakaz lan egin ostean, Kepa Junkerak Elkarregaz atarako dau ‘Hiri’ diskoa irailaren 4an. Kanta barriak Getxoko Folk Jaialdian aurkeztuko ditu zuzenean.
Azken hamar urteotan kanpoko disketxeakaz lan egin ostean, Kepa Junkerak Elkarregaz atarako dau ‘Hiri’ diskoa irailaren 4an. Kanta barriak Getxoko Folk Jaialdian aurkeztuko ditu zuzenean.
Lehenengo diskoak disketxe gipuzkoarragaz atara ebazan Junkerak. Argitaratutako azkena Ibon Koteron alboka-joleagaz egin eban: Leonen orroak. Baina hurrengo lana, Bilbao 00:00h, Madrileko Resistencia disketxeagaz atara eban. Maren (2001) eta K (2003) EMIren eskutik etorri ziran. Orain, soinu-jole bilbotarra etxera dator bueltan.
Laster argitaratuko dauen lanean jatorri desbardinetako musikari eta talde ugarik hartu dabe parte, besteak beste Gilles Chabenat (vielle), Alain Bonnin (pianoa), Alos Quartet (harizko musika-tresnak), Jean Wellers (kontrabajua), Bulgarka (ahotsak), Glen Vélez (perkusinoak), Andy Narell (Steel Drum), Bottari & Enzo Avitabille (perkusinoak + ahotsa), Aygun (ahotsa + panderoa) Patrick Vaillant + Melonious Quartet (mandolinak), Jose Antonio Ramos (timple kanariarra), Xose Manuel Budiño (gaitea), Eliseo Parra (ahotsa), Mercedes Peón (ahotsa), Tactequete (perkusinoak), Etxak (txalapartea) eta Ibon Koteron (albokea).
Disketxearen arabera, ‘garai bateko abenturazale hareen legez, deskubritzaile eta aitzindari liluragarri hareen antzera, badira musikariak be, berezko senak eroanda eta jakinminak bultzatuta, beti aurrera joten dabenak atzera egiterik izango ete daben jakin barik... hori da, duda barik, Kepa Junkera’.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!