Arrakalak zarratu, CDa grabau
2006-05-15 02:00 MusikeaBihotz Bakartien Klubak bagilean zarratuko ditu ARRAKALAK.
Bihotz bakartien kluba 2001eko neguan sortu zan, Larrabetzuko HORI BAI Gaztetxeak urtero antolatzen dituan gabonetako ekitaldiakaz batera. Orduko haretan, Iñigo Aranbarrik Joseba Sarrionandiaren obreari buruzko berbaldia emon behar ebala-eta, Larrabetzuko Aintzinak, Etxahunek, Gorkak, Gotzonek, Guluk, Iñakik, Mari Felik, Patxik eta Urik, Sarrionandiaren testuakaz beren beregi egun horretan jaio eta hilteko irakurraldia preparau eben. Ostera, handiusterik bako emonaldi haretara joan ziran batzuek euren herrietara joateko konbitea luzatu eutsen eta ez eben ezetz esaten jakin. Sarri gure artean bataiatutako poesia errezitaldi haren ostean, Poeta hilen kluba eta Zakil Alu Hori! atondu zituen. Eta holan ibili ziran herriz herri, gaztetxez gaztetxe, kultur etxez kultur etxe, harik eta 2004ko zezeilean taldekide batek Arrakalak izenburuko liburua kaleratu eban arte. Kontuak kontu, ordutik Arrakalak zabaltzen ibili dira Bergara, Larrabetzu, Bilbo (Ekoetxea), Elgeta, Getaria, Azpeitia, Barakaldo, Urdiain,Orereta, Aretxabaleta, Iruñea (Txantrea), Durango, Aulesti, Ataun, Zarautz, Lesaka, Eibar, Zamudio, Basauri, Bilbo (San Inazio), Igorre, Lasarte, Pasai San Pedro, Bilbo (Kalderapeko), Ondarru, Bilbo (Sarriko), Zaldibar eta Larrabetzun (Hori Bai gaztetxea).
Edozelan be, aurrera egiteko ordua be badala pentsaurik, bihotz bakartien klubak bagilean zarratuko ditu ARRAKALAK. Baina zarratu orduko, honetan egun eta lekuetan zabalduko dira:
- Bilboko Kalderapeko kulturgunean, maiatzaren 18an, arrastiko 21:00etatik aurrera 'Literatura musikatua' jardunaldien karietara.
- Ondarroako gaztetxean, maiatzaren 19an, gaueko 22:00etatik aurrera.
- EHUko Sarrikon (Bilbo), maiatzaren 24an, iluntzeko 20:00etatik aurrera.
- Zaldibarko eskolako aretoan, bagilaren 15ean, iluntzeko 20:00etatik aurrera.
Horrezaz ganera, guztiz zarratu orduko eta zuzenean egindakoaren testigantzea ahalik eta gehienakaz konpartidu guran, bagilaren 24an aurkeztuko dan Arrakalak CDaren grabazinoan dabiz buru-belarri.
Aspaldiko asmoa gauzatzera batu ginan kukubiltxotarrenean, 2006ko apirileko 22 eta 23etan. Atea jo eta barrura sartu ginan Aintzina, Alex, Aritz, Edorta, Etxahun, Gotzon, Iñaki, Joseba, Leire, Marifeli, Mitxel, Mugar, Oto eta Uri. Ordura arte egundo grabazino baten parte hartu bakoak ginan gehienak. Eta hori igarriko dozu; baita Pog mo thon taldeko lagunek euren entsegu lokalean grabau ebena 'Itzalitako argi bakoitzeko' kantua. Bejondeiela. 40 lapurren miresle be bagarenez, Joseba Sarrionandiari eta Roque Daltoni besapetik ostu deutseguz 'Como tu', '13.gutuna' eta 'Gartzelan esnatzea' testuak. Ruper Ordorikari ikasitako Baltsean, askoz ederrago 'Ez da posible' diskoan topau zeinke. Jakin dakigu Jose Luis Otamendiren 'Aberriaz zelan ahaztu' poema entzutean, guri legez, harrokeria barka eske hasiko jatzuna. Eskerrak Otori emon.
2001ean poesia errezitaldiak egiten hasi ginanetik gu ikustera etorritako guztiei, gure etxekoartekoei, lagunei, hurrekoei, eta batez be etsaiei, urteotan gure berbak esatera eroan gaituenei eta poesiazaleei begirunea eta esker ona adierazoteko ahalegina da CD hau. Hauxe da 2004ko zemenditik 2006ko bagilera bitartean herriz herri egin doguna. Kopiak doan banatzeko egin doguz. Zeuk be bardin egin.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!