Arratiako lehenengo txalaparta eguna maiatzaren 13an Areatzan

z 2006-05-10 02:00   Musikea

Txalaparta-hotsak Areatzako bazter guztietan entzungo dira datorren zapatuan, maiatzaren 13an. Trukutze Txalaparta Taldeak lehenengo Txalaparta Eguna antolatu dau Areatzako Udalaren laguntzinoagaz.

Iragarritako ekitaldien artean, erakusketea, triki-poteoa, ikastaroa edota bazkari herrikoia egongo dira. Txupinazoagaz batera emongo deutsie hasiera ospakizunari. Areatzako txistulariek jentea jai-giroa sortarazoko dabe herri osotik pasauko dan kalejireagaz. Ibilbideak aurrera egin ahala txalaparta soinuak gehituko dira, herriko auzo desbardinetan entzun daiezan. Egun osoan zehar Trukutze txalaparta taldearen ibilbidea laburbiltzen dauen argazki erakusketea bisitau ahal izango da.

Eguerdiko 12:00etatik aurrera txalaparta tailerra egingo da plazan, interesa daukan edozeinentzat eta edade mugarik barik. Ordurako animau ez danak gatx eukiko dau, jentea animetako amesagaz buruhandiak urtengo dabe Bizkaiko dualtzaineruakaz batera eta. Eguraldiaren arabera, bazkaria egingo da plazan edo arkupetan, eta gura dauenak bost euroren truke jan ahal izango dau. Txartelak Arratiako leku desbardinetan dagoz salgai eta bazkarira joan gura dabenei sarrerak erosterako orduan sasoiz ibilteko eskatu deutse antolatzaileek. Bazkariaren ostean, Areatzako tinbaleruen erakustaldiagaz gozauko dabe bertaratutakoek; ostean Larrain dantzea egingo da eta honek zabalduko deutso bidea, eguneko ekitaldi nagusiari, izan be, arratsaldeko 19:00etan hasiko da Euskal Herriko txoko desbardinetatik etorritako sei txalaparta taldeen ekitaldia. Bakotxa zeozer berezia egiten saiatuko dala aurreratu dau Saioa Larrea Trukutze taldeko kideak: 'posible da jenbea edo adarra txalapartagaz batera entzutea'. Osteko triki-poteoak emongo deutso amaierea egun honi. Saioa Larreak dinoanez, 'Arratian mobimentu apur bat sortzea' da asmoa, eta bide batez 'txalapartari barriak be animetea' .

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu