Korrika amaitzeko jai handia iragarri dabe Bilbon

Bizkaie! 2026-03-25 08:07   Euskerea berbagai

XXIV. KORRIKA amaierako egitaraua hemen.

Irati Manzisidor eta Iraitz Zuluaga. | Ikusi handiago | Argazki originala

2750 kilometroko eta 3436 lekuko-hartze izan dituan ibilbidea hilaren 29an amaituko da. Bizkaiko uriburu osoa zeharkatu ondoren, udaletxeko zubitik sartuko da karabana koloretsua. Amaiera-ekitaldia bertan izango da eta, segiduan, jaiak errementau egingo dau.

Domekako amaiera-egun handia aurkezteko, KORRIKAko ordezkariek prentsa-agerraldia eta deialdia egin ditue Bilboko Kalderapeko Kulturgunean. Euskal Herriko txoko guztietako jentea animau dabe hurreratu daitezan, hitzordu ederra izango dalakoan Bilboko herritarrentzat nahiz eragileentzat, euskerearen aldeko lanean segiduteko akulu.

Amaiera-ekitaldia Ernesto Erkoreka plazan (udaletxean) izango da. Lekukoa 12:30erako helduko dala aurreikusita dago, AEK-ko kideen eskutik eta azken lekuko-hartze nazionalak egin ostean. AEK-ko kideek mezu-egileagaz batera egingo ditue euskerearen aldeko ekimenaren azken urratsak Venezuela plazatik. Momentu horretan ezagutuko dogu, beraz, eskuz esku, kilometroz kilometro, Atharratzetik Bilbora ibilitako lekukoaren barruko mezu sekretuaren egilea nor dan eta, jakina, baita mezuaren beraren edukia be daletxera heldutakoan.

Bestalde, azken eguneko arduradun Iraitz Zuluagak eta Irati Manzisidorrek nabarmendu dabe ekitaldiak hainbat gunetan egongo dirala publiko-mueta guztiei begira. Horreen artean LaBasu, Añube, Bele eta Mixerabliak lako artistek kontzertuak eskainiko ditue. Bestalde, egunean zehar hainbat ekitaldi izango dira: azokea, herri kirolak, herri bazkaria, erakusketak, besteak beste.

Amaitzeko, ohar garrantzitsu bi: batetik, AEK-k berariazko protokoloa ezarri dauela martiaren 29a eraso sexista, arrazista eta homofoborik bako eguna izan daiten; bestetik, ahal dan neurrian, garraio publikoa erabilteko konbita.

Beti azpimarratzen dogun bezela, Korrika Aplikazinoan eta korrika.eus webgunean KORRIKAren informazioa guztia dozue eskuragarri, baita azken egunekoa be, baita hedabideak egiten dabizen jarraipen zabala be.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu