Korrikaren dokumentalean parte hartzeko aukerea dago

Bizkaie! 2026-03-23 08:00   Euskerea berbagai

Herritarren irudiak jasoteko modu bi egongo dira: Korrika-makilea eta bideo-testigantzak.

Mirokutana etxea eta AEK-KORRIKA euskerearen joan, oraina eta etorkizuna ardatz izango dituan “Jalgi Hadi” dokumentala grabetan dabiz. Oraingoan jente-arteari ikus-entzunezkoaren protagonista izateko konbita egiten deutse. Proiektua aurreko ikasturtetik dago martxan eta helburua da 2027ko Zinemaldian aurkeztea.

Dokumentalaren sortzaileek Korrikaren indarra eta emozinoa zuzenean jasotea dabe helburu. Horretarako, lasterketa bera grabauko dabe eta herritarrei dokumentalean protagonista izateko aukerea emoten deutse. Horretarako, Mirokutana produkzino etxeak ekimen bi jarri ditu martxan: lehenengoa, “Korrika makilea”. Korrikako lekukoagaz batera, hainbat herritan kamera bat dauen makilea be ibiliko da. Parte-hartzaileek eskuz esku pasauko dabe kamerea, Korrikan bizi daben emozinoa eta giroa grabetako.

Hemen azalpen bideoa

Bigarren ekimenak herritarrei beren bideo-testigantzak bialtzeko aukerea emoten deutse. Horretarako kanal bat edegi dabe eta parte-hartzaileek vídeo batean kontau leikie urentzat euskerea eta Korrika zer diran. Grabaketak Korrikan bertan, aurretik edo nahi dan momentuan egin daitekez eta ondoren bialdu.

Ekimen honen bidez, sortzaileek Euskal Herri osoko testigantzakaz mapa kolektiboa egingo dabe.

Hemen azalpen bideoa

Euskerearen egoereari begiradea

Ander Iriarte zinemagilea ETB, Eusko Jaurlaritza, Nafarroako Gobernua eta Euskal Hirigune Elkargoaren babesagaz —Karpeta Urdinak (2024) eta Indarkeriaren Oi(h)artzunak (2025) filmen zuzendaria— oraingoan Korrikari eta euskereari buruzko dokumentalean sartuko da bete-betean. Egilearen arabera, Korrikak dauen botere sinbolikoari eutsiz, dokumentalak kontzientziak piztu eta euskerearen aldeko konpromisoa indartu nahi dau: helburua da hirugarren berpizkunde baten txinpartea biztutea, Euskal Herria herri bakar gisa ulertuta, hiru administrazinoetako mugetatik harago.

Crowdfunding bidez babestutako proiektua

Dokumentala aurrera eroateko igaz crowdfunding kanpaineari ekin eutsen Mirokutanak eta AEK-KORRIKAk. Norbanako eta erakundeen diru-ekarpenei esker posible izango da euskereari eta Korrikari buruzko ikus-entzunezko proiektu hau produzidutea. Helburua da 2027ko Zinemaldian aurkeztea.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu