Atharratzen emongo jako hasierea XXIV. Korrikari
2026-01-08 11:07 Euskerea berbagai3436 lekuko-hartze eta 2175 kilometro izango ditu.
Betiko lez, aurreko Korrika amaitu zan lurraldean hasiko da aurtengoa: Xiberoan, hain zuzen be. Aurkezpen-egunean iragarri eben bezela, Atharratzek emongo deutso hasierea Korrikari, hainbat arrazoirengaitik; nagusia, Korrikaren itzalguneetako bat dala Xiberoako Basabürüa eskualdea. Izan be, Korrika ez da bertatik pasetan, hasteko ez bada. Handik pasau zan lehen (eta azken) aldia 1985ean izan zan (4. Korrika); halanda ze, Atharratzetik pasau zan urtean.
Holan, euskerea sustatzea begi-bistakoa da: Xiberoan eta Basabürüan euskerea bizirik dagoan arren, azken inkesta soziolinguistikoaren emoitzek jakinarazo dabe etxeko transmisinoa eten egin dala, eskola-transmisinoak ez dauela % 15 gainditzea lortzen, eta euskerearen erabilerea desagertzen dagoala. Xiberoa da, batez be, Basabürüa, azken hiru hamarkadetan, biztanle-kopuruaren arabera, euskal hiztun gehien galdu dituan lurraldea/eskualdea.
15:30ean hasiko da Korrika.
Bilbo, helmugea
Amaiereari jagokonez, bost uribururen artean txandakatzen dira: Baionan izan zan azkena. Autengoa, barriz, Bilbon izango da, martiaren 29an.
Goizeko 07:20ak pasauta sartuko da Bizkaiko uriburuan. Eguerdian, lekukoaren barruko mezu sekretua irakurriko dabe, euskerearen herritik eskuz esku pasau ostean. Ondoren, egun osoko amaiera-jai handiak hartuko ditu Bilboko kaleak.
Uriburuak
Herriz herri, kalez kale, errepidez errepide... euskerea sustatuko dau Korrikak 11 egunez eta 10 gauez. 2.175 kilometro eta 3.436 lekuko-hartze inguru egingo ditu euskerearen herrian zehar.
Uriburuen artean, Maule bisitauko dau lehenengo Korrikak: Atharratzetik urten eta 16:45ean helduko da bertara. Donibane Garazin, barriz, martiaren 20an, gaueko 02:50ean.
Iruñera, martiaren 22an helduko da, 14:30ean.
Martiaren 24an, martitzenean, Baionaren txandea izango da, 20:30ean. Donostiatik, martiaren 25ean, ibiliko da: goizeko 08:15ean Altzan, 09:30ean Intxaurrondon, 11:00etan Amaran, Parte Zaharrean eguerdian (11:55)…
Tipi-tapa, 27an, barikua, 21:00ak aldera, Gasteizera helduko da.
Korrika aplikazinoa
Aplikazinoa barrikuntzekaz dator. Erabiltzaileek, hainbat informazino eta albiste jasoko ditue primizian, baita Korrikako lagunek be. Halanda ze, martiaren 19tik 29ra, eguneko bideokronika bereziak eskainiko deutsee aplikazinoaren erabiltzaileei.
Ibilbideari lotuta, Korrika zuzenean jarraitzeko aukerea be emongo dau: batetik, furgonetearen geolokalizazinoaren bidez, korrikalariek jakingo dabe Korrika garaiz, aurrerapenez edo atzerapenez datorren. Horrezaz gan, interesgarria da jakitea aplikazinoak bilatzaile aurreratua dauela: erraz ikusi ahal izango da non dagozan herri, eskualde eta/edo kilometroak; bestetik, furgonetako zuzeneko irudiak eskainiko ditue 24 orduz.
Amaitzeko, aplikazinoak aukerea emoten dau Korrikaren inguruko jakinarazpen eta jakingarri garrantzitsuenen barri primizian jasoteko: aurkezpena, abestia, ibilbidea....
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!
