'Faisaien Irla' filmak edegiko dau Giza Eskubideen 22. Zinemaldia
2025-02-28 11:23 ZinemeaAsier Urbietak zuzendutako lehen film luzea da.

Zinemaldia apirilaren 4tik 11ra arte izango da Victoria Eugenia Antzokian, Antzoki Zaharrean eta uriko hainbat guneetan.
Faisaien Irla Asier Urbietak zuzendutako lehen film luzea da. Protagonistak, Jone Laspiur Goya sariduna eta antzerkiko aktore Sambou Diaby dira. Horreezaz gan, Itziar Ituño eta Josean Bengoetxea be ageri dira. Asier Urbietak eta Andoni de Carlosek idatzi dabe ikus-entzunezkoa, azken hori Goya sariduna Handia (2017) filmagaitik.
Filma sei astez filmau zan ingurune naturaletan: Irun, Hendaia eta Donostian. Obrean, euskeraz eta frantsezez egiten dabe.
Asier Urbietak ondokoa adierazo dau ikus-entzunezkoaren inguruan: egunkariari begiratu bat emoten, ondoko artikulua irakurri neban: txirrindulari bi, Bidasoaren ibaiertzetik ebizela, persona biren oihuak laguntzino eske entzun zituen. Ugerrean, mugea zeharkatzea gura eben, baina korrontea kontra egoan. Horreen lekuan jarri eta nire buruari galdetu neutson: Zer egingo neban nik? Gustora erantzungo neuke bota egingo nintzala, baina ez dot hain argi ikusten. Beraz, istorioa horregaz hasita garatu neban.
Faisaien Irla Arcadia Motion Pictures, La Tentación Producciones eta Galatea Filmsen produkzinoa da, La Fidèle Productionegaz (Frantzia) koprodukzinoan. Apirilaren 25ean estreinatuko da zinema aretoetan, BTeam Picturesen eskutik.
Programazinoa
Urtero lez, zinemaldiak hainbat gai eta istorio batuko ditu, esaterako: AEBetako eskubide zibilen aldeko burrukea, Harry Belafonteren figurearen bitartez; Souleymane migratzaile ginearraren bizitza frenetikoa; edo Mexiko Urian espazio publikoak egunero garbitzen dabizen emakumeen istorioa.
Bestetik, Lagosen (Nigeria), Afrikako bigarren uri jentetsuenean, euren etxeak ez galtzeko talde batek egindako burrukea erakutsiko da; eta, ganera, leiho bat edegiko jako iraganari, 1968ko Pragako Udabarrian eta Ceauşescuren erregimenaren azken egunetan izandako gertaerak kontetako.
Proiekzinoen ondoren egingo diran berbaldietan gaurko hainbat gaitan sakonduko da, filmetako ordezkariek eta giza eskubideen arloan lanean dabizen persona, ekintzaile eta erakundeen parte-hartzeakaz. Halanda ze, euren esperientziak partekatuko ditue.
Ondoko honeek dira sail Ofizialeko film luzeen aurrerapena:
- Flying Hands (2024). Paula Iglesias, Marta Gómez. Espainia.
- Following Harry (2024). Susanne Rostock. AEB.
- L’Histoire de Souleymane (2024). Boris Lojkine. Frantzia.
- The Legend of the Vagabond Queen of Lagos (2024). The Agbajowo Collective. Nigeria-Alemania-Hegoafrika-AEB.
- The New Year That Never Came (Anul Nou care n-a fost, 2024). Bogdan Mureşanu. Errumania-Serbia.
- Tratado de invisibilidad (2024). Luciana Kaplan. Mexiko.
- Waves (Vlny, 2024). Jiří Mádl. Txekiako Errepublika-Eslovakia.
Tabakaleran Zinema eta Memoria zikloa
Aurton, barriro be, Tabakaleran Zinema eta Memoria zikloa atondu dabe. Zikloaren helburua da historia kontetako irudien gaitasuna eta garrantzia aztertzea. Guztira, hiru proiekzino emongo ditue apirilaren 9tik 11ra arte:
- Ernest Cole: Lost and Found (2024). Raoul Peck. Frantzia-AEB.
- Henry Fonda for President (2024). Alexander Horwath. Alemania-Austria.
- Riefenstahl (2024). Andres Veiel. Alemania.
Informazino gehiago hemen.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!