Etxekalte taldeak 'Estali nituen' bideoklipa aurkeztu dau

Bizkaie! 2024-01-29 12:31   Musikea

Zezeilaren 2an, Zumaiako Gaztetxean joko dabe bermeotarrek.

Eboluzionau al daiteke gu geu garenari uko egin barik? Nor Da Norbera? Etxekalte taldearen lehen LPan aurkeztutako identidade krisiari jarraituz, Estali Nituen singleak argi ekiten deutso krisi horrek dakarzan aldaketakazko erresistentziari: Erabagiak hartzea kosta egiten jaku eta batzuetan ez dakigu ezta zelan hartu ditugun be. Ikasten gabizanari esker bizirauten dogu eta, nahi barik, gure ohituretara moldatzen gara.

Etxekaltek Nor da norbera? galdereari heldu eutson aurreko LPan. Orain, barriz, talde bermeotarrak introspekzinoaren bidean jarraitzen dau baina soinu edegiago eta indartsuago baten bidez. Eñaut Gaztañagak Gaztain Estudioan grabautako single barri honetan nabarmenak dira abestiaren leloaren sendotasuna eta erritmo aldaketak.

Aurreko diskoak izandako harrera onaren ostean, taldeak Estali Nituen abestiagaz Nor da norbera?-ren etapea zarratzen dau. Urtarrilaren 26an plazaratutako singlea abesti biko EP baten lehen zatia da, hurrengo diskoaren aurrerapen legez hartu daitekeena, izan be, dagoeneko taldea disko barria atontzen dabil eta, ezustekorik ezean, 2025erako argitaratzea aurreikusten dabe.

Etxekaltek kontzertuak eskaintzen jarraituko dau Euskadin eta Euskaditik kanpo 2024ko lehen erdian eta hortik aurrera gitxiagotan joko dabe, euren lan barriaren grabazinoan sartuko diralako.

Kontuak kontu, 2015. urteko udagoienean, Bermeon, Unai Irisarri eta Iker Etxebarriak sortutako musika taldea da Etxekalte. Urtea amaitu orduko, Iñaki Olondo eta Jon Andoni Juarez batu ziran proiektura, taldea osatuz.

Kontzertuak

Zezeilaren 2an, Zumaiako Gaztetxean.
Zezeilaren 16an, Lekunberriko Printzan.
Martiaren 2an, Bilboko Nave 9 aretoan.

Aurrerago Bermeo, Berriz, Zamudio, Gatzaga, Orozko, Castellon eta Donostian joko dabe.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu