29. FANT Jaialdiak Gizon Ikusezina izango dau protagonista kartelean

Bizkaie! 2023-03-03 12:12   Zinemea

Maiatzaren 5etik 13ra egingo da.

FANTen irudiak igaz hasitako bideari jarraitzen deutso fantasiazko eta bildurrezko zinemako personaia mitikoetako bati protagonismoa emonez: Gizon Ikusezina, H.G. Wells-en izen bereko eleberriko personaia, Frankenstein edo Drakulagaz batera, Unibersaleko munstro klasikoen frankiziaren parte izan zan.

Aurten, 1933an James Whalek zuzendutako jatorrizko filmaren estreinaldiaren 90. urteurrenagaz batera, betaurreko viktoriarrek, benda batek eta kapela baltz batek osotzen dabe jaialdia iragarteko kartela. Horretarako, Claude Rains (Adrian Griffinen personaia antzezten dauena) aktore protagonisteak erabilitako eguzkitako betaurrekoen erreplika bat erabili da.

PREFANT

FANTek hitzordu barri bi gehitu deutsoz PreFANT zikloari:

- El hombre invisible, martiaren 9an, 19:30ean, Golem – Alondiga zinema-aretoetan.

Jaialdiak James Whalek zuzendutako filma emongo dau, 1933koa da eta H.G. Wellsen eleberriaren egokitzapena.

- Tin&Tina filmaren aurrestreinaldia, martiaren 23an, 19:30ean, Gólem – Alondiga zinema-aretoetan.

FANTek Rubin Steinen Tin&Tina filma estreinauko dau. Rubin Stein, zuzendaria, FANT Jaialdiaren aspaldiko laguna da, izan be, 2018an film laburra aurkeztu eban, Bailaora (2018) eta Film Labur Onenari Epaimahaiaren Saria irabazi dau. Stein zuri-baltzeko suspensezko Luz & Oscuridad film laburren trilogiaren sortzailea da. Horrek nazioarteko 100 sari baino gehiago eta zinema-jaialdietako 500 selekzino ofizial baino gehiago jaso ditue, tartean Fugaz sarietarako hamar izentapen, Europako Urrezko Mélièserako izentapen bat, Oscarretarako aurre-hautaketa bat eta Akademiaren Goya sarietarako izentapen bat.

Rubin Stein eta Teresa Rabal Bilbora hurreratuko dira aurrestreinaldi hau jentaurrean aurkeztera.

Proiekzinoak: 19:30ean, Gólem– Alondiga zinema-aretoetako 1. Aretoan.

Doban izango dira lekua bete arte eta konbidapenak egun berean jaso ahal izango dira zinemako leihatiletan 16:00etatik aurrera.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu