Albertina Carri zinemagileak Zinegoak 2022 Ohorezko Saria jasoko dau

Bizkaie! 2022-01-31 11:12   Zinemea

Albertina Carrik Zinegoak-en sari nagusia jasoko dau zezeilaren 28an.

Albertina Carri. Erretratua: Jetmir Idrizi | Ikusi handiago | Argazki originala

Zinegoak Bilboko LGTBI+ zinema eta arte eszenikoen jaialdiak aurtengo edizinoko Ohorezko Saria nork jasoko dauen jakinarazo du gaur. Zinegoakek Albertina Carri argentinar zinemagile eta aktibistearen lana goraipatu nahi izan dau, jaialdiaren sari nagusia emonez.

Alaitz Arenzana Zinegoak-eko zuzendari artistikoak azpimarratu dauenez, Hegoamerikako sortzaile belaunaldi barri baten ahotsik nabarmenetakoa da. Bere lana etenbako esplorazino bat da, begirada hegemonikotik kanpo geratzen dan guztiari ikusgarritasuna emoteko, hizkuntza propioen bidez. Albertina Carrik ibilbide luzea dau zuzendari, gidoilari, produktore eta aktibista feminista lez. Buenos Airesko Universidad del Cine Fundazinoan gidoigintzea ikusi eta hainbat film labur egin ditu, besteak beste, Excursiones, Aurora, Historias de Argentina en vivo eta Barbie también puede estar triste (danak 2001ean), Fama (2003), De vuelta (2004) edo Restos (2010).

Rotterdameko, Londresko edo Vienako jaialdietan aukeratutako No quiero volver a casa (2000) bere lehen film luzearen ondoren, Carrik bidaia hasi eban bere bizitzan inoiz egon ez zanaren bila: aita eta ama, Roberto eta Ana Maria, intelektual eta militante iraultzaileak, 1977ko diktadura militarrak bahituak eta
berak lau urte besterik ez zituanean desagertuak. Bilaketa hori hurrengo film luzeetan be islatuko da: Los rubios (2003) eta Cuatreros (2017) hipnotiko eta bizia. Hutsuneak ulertzeko bidaia honegaz batera, Albertina Carrik be sexualidadea landu dau bere zinemagintzan, arau, patroi eta jarrera normatiboen aurrean askatasuna eta autonomia aldarrikatuz. Geminis (2005) eta La rabia (2008) filmeetan, sexua ardatza da narrazinoaren garapenerako eta personaien definizinorako baina sexualidadearen, zinemearen, askatasunaren, politikearen eta feminismoaren arteko lotura handiena Las hijas del fuego (2018) filmean lantzen dau. Berak deskribidu eta azpimarratzen dauen lez: pornografia lesbofeministea da, generoaren konfigurazino barri bat bilatzen dauena, adiera posible askotan. Horrezaz gan, emakumeen gozamena erakusteko modua be berreregitea bilatzen dau, begirada maskulinotik urrunduta, erotizazinoa besterik nahi ez dauena.

Zinemaz gan, Carrik telebistarako saioak be sortu ditu Marta Dillonegaz batera, besteak beste: La bella tarea, emakumeen umealdiari eta erditzeari buruzko ikuspuntuak dituen dokumental saila; Visibles, LGTBI+ argentinar errealidadeari buruzko dokumental formatua edo 23 pares fikzinoa. Asterisco LGTBI+ Nazinoarteko Zinemaldiaren sortzailea be izan da.

Ohorezko saria dala eta, Zinegoak-ek ziklo berezi bat atondu dau Carriren zinematografiari buruz, martiaren 1etik 4ra BilbaoArten haren hainbat lan erakutsiz. Era berean, zezeilaren 27an, inaugurazino ekitaldiaren bezperan, Zinegoak-ek Las hijas del fuego proiektauko dau, 18:3ean, BBK Aretoan. Albertina Carrik barriketaldian parte hartuko dau Irantzu Varela kazetari eta aktibista feministeagaz batera.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu