Sexu aniztasuna berben bidez agertzen dau 19. Zinegoak-eko kartelak
2022-01-18 11:06 ZinemeaJaialdiaren zuzendari artistiko barria Alaitz Arenzana izango da.
2022ko zezeilaren 28tik martiaren 7ra egingo dabe 19. Zinegoak, Bilboko LGTBI+ Zinema eta Arte Eszenikoen Jaialdia. Hasteko hilebete pasautxuren faltan, nobedade ugari aurkeztu ditue antolatzaileek: edizino honetako kartela eta zuzendari artistiko barria, Alaitz Arenzana.
Lander Telletxeak diseinau dau 19. Zinegoak-eko kartela, lesbianei eta LGTBI+ kolektibokoei esateko erabilten diran euskerazko berbetan oinarrituta. Horretarako, Euskal Herri osoan ibili dira berbak batzen Itxaro Borda, Eli Pagola, Danele Sarriugarte, Ainara Artetxe eta beste asko. Marioker, lumatza, soropila, kapaza eta kuir dira kartelean agertzen diranetako batzuk.
June Fernandezek eta Amaia Alvarez Uriak gidatu dabe berbak batzeko proiektua, Nola izan/esan bollera euskeraz lemapean.
Horreek berbak lehenengo planora ekarrita, mezu garbia zabaldu nahi dau jaialdiak: kanpotik ezarritako etiketak alboratu eta lesbianek euren burua izentau ahal izatea da kontua, izenak izana egiten dauelako. Beharra dogu geure burua barriro izentau, erakutsi, identifikau eta munduan geure lekua egiteko, dino jaialdiaren aldarrikapenak.
Lander Telletxeak, kartelaren egileak, lehendik be lotura estua izan dau Zinegoak jaialdiagaz. Irudiaren eta katalogoaren egilea izan da aurreko edizinoetan. Diseinatzailea ogibidez, euskal kultureagaz lotutako erakunde eta proiektu ugarigaz kolaborau dau Telletxeak, eta 2013ko Donostiako Zinemaldiko New Directors sailaren kartela berak egin eban.
Zinegoak-en 19. edizinoak aurreko urteetako egitureari eutsiko deutso, baina pandemiari aurre egiteko neurriak hartuko ditue. Betiko lez, sexu aniztasuna Bilboko txoko ugaritara eroango dau, zezeilaren 28tik martiaren 7ra. Hazten doan festibala da Zinegoak, igaz 18.000 ikus-entzule batu zituan, eta horregaitik, helburuak eta norabidea barriro zehazteko beharra igarri dabe antolatzaileek.
Sasoi barrietara egokitzeko ahalegin horretan, hain zuzen be, lemazain barria izango dau Zinegoak-ek. Orain arte, Pau Guillen izan da zuzendari artistikoa, baina aurtengo edizinotik Alaitz Arenzanak beteko dau kargu hori. Jaialdiko lantaldean ibili izan da Arenzana orain arte.
Alaitzek barrutik ezagutzen dau jaialdia, Euskal Herriko sare artistiko eta sozialagaz lotura handia dau eta talde osoaren babesa Zinegoak jarduera eta lankidetza barriez horniduteko eta etapa barri bati ekiteko, adierazo dau Guillenek, Arenzanari lekukoa pasetako momentuan.
EHUn Ikus-entzunezko Komunikazinoa ikasi eban eta arlo horretako sorkuntzan esperientzia zabala dau Alaitz Arenzanak, baita proiektuen koordinazinoan be. Horri esker, sari ugari irabazi ditu. Aurrerantzean, beste erronka bati egin behar deutso aurre, Zinegoak gidatzeari.
Pozik hartu dau ardura barria: Jaialdiari eusteko eta berau aberasteko burrukan jarraituko dot, behar-beharrezkoa dalako sexu, identidade eta genero aniztasunaren alde lanean segitzea.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!