Jaialdi handiak gogoan, badator Bilbao BBK Live Udagoiena

Bizkaie! 2021-10-07 09:38   Musikea

Urriaren 7tik 9ra eta zemendiaren 11tik 13ra, musikari independente eta alternatiboek igongo dabe Miribillako oholtzara.

Novedades Carminha, jaialdiaren lehen egunean joko daben taldeetako bat | Ikusi handiago | Argazki originala

Pandemiaren kontrako neurriak arindu ahala, musika-jaialdi handiak antolatzeko gogoa indartuz doa sortzaileen eta zaleen artean. Hutsune hori beteteko asmoz dator Bilbao BBK Live Udagoiena zikloa, udan Kobetamendin egiten dan jaialdian baino formatu txikiagoan, baina pandemiaren aurreko sasoiak gogora ekarten dituen ezaugarri batzukaz.

Izan be, Bilboko Udalak adierazo dauenez, ikusleei zutunik egotea baimenduko deutsen lehenengo musika-jaialdia izango da EAEn, orain dala urte eta erdi pandemia hasi zanetik. Asteon bertan Eusko Jaurlaritzearen Labi batzordeak hartutako erabagiei esker egin ahal izan da pausu hori. 

Urriaren 7tik 9ra eta hilebete barru, zemendiaren 11tik 13ra, sei egunez kontzertuak antolatuko ditue Miribilla auzoko Bilbao Arenan, gehienbat musika alternatibo eta independentea lantzen daben 18 talde eta bakarlariren eskutik. Euskal ordezkarien artean dagoz Zetak, Omago, Bulego eta beste hainbat, baina kanpoko talde ugari be ekarriko ditue.

Lehenengo egunean, urriaren 7an, hiru talde entzun ahal izango doguz Miribillan: The Hives, Novedades Carminha eta Venturi. Ateak 19:30ean edegiko ditue eta kontzertuak 20:15ean hasiko dira. Erosi sarrerak hemen.

500 egun baino gehiago pasau dira jesarlekurik bako azken kontzertuaz geroztik, baina aldatu egingo da hori, adierazo dau Bilboko Udalak. Kobetamendiren espiritua urira bueltauko da eta zuzeneko musikea maite daben milaka lagun hartuko ditu.

Pandemiaren kontrako arauak arindu diran arren, Bilbao BBK Live Udagoienako antolatzaileek ziurtatu dabe prebentzino neurri zorrotzak egongo dirala indarrean eta jaialdia segurua izango dala. Bilbao Arenaren edukierearen % 80 beteko dabe gehienez, eta maskarea momentu guztietan jantzita eroan beharko da.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu