RO, Debajo del Paraguas, Cenizafragua eta Pikowsky, III. Hiriko Soinuak lehiaketako irabazle
2021-09-29 08:06 MusikeaLehenengo biek kontzertua joko dabe El Drogasegaz batera, urriaren 30ean BECen.
Barakaldoko Udalak antolatutako III. Hiriko Soinuak musika lehiaketearen finala zapatuan izan zan, finalistek zuzenean jo eben publikoaren eta epaimahaiaren aurrean, Barakaldo Antzokian. 200 lagun inguru batu ziran harmailetan. Lau kategorietako irabazleak jakitera emon ditu Udalak.
- Sari nagusia: RO. Azkoitia eta Azpeitiko taldea, post rock instrumentala lantzen dabe.
- Barakaldoko bandarik onena: Debajo del paraguas. Pop-rocka lantzen dauen laukotea.
- Bardintasun saria: Cenizafragua, Marta abeslariaren bakarkako proiektu intimoa.
- Euskerazko talderik onena: Pikowsky. Aizkorak Zorroztu taldean ibilitako Ander Pikowsky abeslari eta baxu jolearen bakarkako egitasmoa.
Euren kategorietan irabazteagaitik, lehenengo biek diskoa grabau, produzidu eta masterizau ahal izango dabe, Gaua estudioetan. Cenizafraguak eta Pikowskyk abesti bana grabauko dabe, estudio berean.
2021eko Hiriko Soinuak lehiaketan 129 banda eta bakarlarik emon dabe izena, tartean Barakaldoko 33k. Aurreko edizino bietan baino gehiago da hori: 2019an, lehenengo aldian, 99 izan ziran; igaz, 101. Euskerazko sariari jagokonez, 30 hautagai egon dira, eta Bardintasun sarirako, 18.
Urriaren 30ean egingo dabe Hiriko Soinuak jaialdia, Barakaldoko BEC erakustazokako Bizkaia Arenan. Hirugarren edizinoa irabazteagaitik, RO eta Debajo del paraguas oholtzan izango dira, eta El Drogas artista nafar ezagunak (Barricadan ibilitakoa) be hartuko dau parte.
Indarrean dagoan araudiaren arabera, 4.000 laguneko edukierea izango dau Bizkaia Arenak egun horretan. Sarrerak bizkaiaarena.com webgunean erosi ahal izango dira, hiru euro eta kudeaketa gastuen truke. Batutako diru guztia Elikagaien Bankuari eta beharrizanean dagozan familiei pandemian lagundu deutsen Beraka alkarteari emongo deutse.
Argazkiak: Pepa Ferreiro.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!