Brahms Fest, Euskadiko Orkestrearen denporaldia hasteko

Bizkaie! 2021-09-23 09:51   Musikea

Iruñean izango da lehenengo kontzertua, irailaren 27an.

Robert Treviño zuzendari titularraren gidaritzapean, Johannes Brahms konpositorearen obrea ezagutzeko aukerea izango dabe musikazaleek hurrengo egunotan, Euskadiko Orkestreak antolatutako zikloari esker. 2021-22 denporaldia hasiko dau Brahms Fest dalako horregaz. Lehenengo kontzertua irailaren 27an izango da, Iruñean, eta danetara hamar emonaldi egingo ditu orkestreak Hego Euskal Herriko lau uriburuetan. 

Ziklo barrian Johannes Brahmsen gaurkotasuna eta eragina defendiduko ditue Treviñok eta orkestrako musikariek. Konpositore alemaniarraren lau sinfoniez gan, Biolin eta biolontxelorako kontzertu bikotxa eta pianorako kontzertu biak be joko ditue, eskarmentu handiko bakarlariak ondoan dituela: Dmitri Makhtin biolinistea, Alexey Stadler biolontxelojolea eta Tom Borrow pianojolea.

Johannes Brahms (Hanburgo, 1833-Viena, 1897) XIX. mendeko erromantizismo artistikoaren ordezkari nagusietako bat da. Musikarako zaletasuna etxean hartu eban, baina, gaztetatik pianoa joten eta konposizinoak sortzen ibili arren, lehenengo urteetan publikoak ez eutsan kasu handirik egin. Schumann konpositore eta editorea ezagutu ebanean aldatu zan hori. 

Vienara joan zanean sortu zituan bere piezarik esanguratsuenak. Bere estiloa erromantizismoan bete-betean sartzen dan arren (Beethoven zan bere eredu nagusia), konpositore klasikoen eragina be nabarmena da Brahmsen obran, Mozart, Haydn eta beste batzuen lanak sakon aztertu zitualako.

Brahms Fest zikloko hamar kontzertuak irailaren 27tik urriaren 13ra joko ditu Euskadiko Orkestreak, era honetara banatuta: Iruñeko Baluarten bi (irailaren 27an eta urriaren 11n); Donostiako Kursaalean lau (irailaren 28 eta 29an eta urriaren 8 eta 13an); Gasteizko Principalen bi (irailaren 30ean eta urriaren 5ean); eta Bilboko Euskaldunan bi (urriaren 2an eta 6an). Saio guztiak 19:30ean hasiko dira.

Kontzertuotarako sarrera solteak salgai ipini ditu Euskadiko Orkestreak, 10 eta 35 euro bitartean. Aretoetako lehiatiletan edo interneten erosi leitekez. 

Kontzertu bakotxeko programea ikusi eta sarrerak erosteko, hemen.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu