Helburuak bete ditu Araba Euskerazek
2019-06-17 08:07 Euskerea berbagaiLau guneak jentez ganezka egon dira, eta jatekoa agortu da txosna batzuetan.
Gasteizko Armentia Ikastoleak antolatu dau aurtengo Araba Euskeraz, Gertu lelopean, herritarrakandik gertu, edo hur, egon nahi izan dabelako. Arabako ikastolen jaia amaitu eta berehala, antolatzaileek nabarmendu dabe helburu hori bete dabela. Milaka euskaltzalek hartu dabe parte ospakizunean, giro ederrean eta eguraldi eguzkitsuak lagunduta. Zorionez, gerizpedun leku ugari be egon dira ibilbidean.
Armentia inguruetan atondutako lau guneak jentez ganezka egon dira, leku bakotxean egon diran jarduerek erakarrita. Txosna batzuetan jatekoa eta edatekoa agortu dira. Hortaz, helburu ekonomikoak be bete egin ahal izango ditue, datu zehatzak egun batzuk barru emongo baditue be.
Hurreratu diran milaka ikastolazaleek euskeraz eta euskal kulturaz disfrutau ahal izan dabe Gasteizera ekarri dogun gure kulturearen aniztasunaren laginagaz, adierazo dabe Armentia Ikastolakoek. Kulturartekotasuna presente egon da, hainbat kontinentetatik gure herrira bizi izatera etorri diran herritarren kultura adierazpideek be leku esanguratsua izan dabelako: Bolivia, Kolonbia, Brasil, Sahara eta Afrikako beste lurralde batzuetako musikea, jantzak eta gastronomia egon dira Araba Euskerazen.
Armentia Ikastoleak eskerrak emon deutsez Araba Euskerazera joan diran ikastolazale guztiei: Eskerrik asko, bihotzez, jai handi hau handiago egin daben boluntario guztiei, Armentia ikastolako guraso, irakasle, ikasle eta langileei, zein beste ikastoletakoei eta Gasteizko askotariko alkarte eta herritarrei.
Datorren urtean Aiaraldera salto egingo dau Araba Euskerazek, Amurrioko Aresketa Ikastoleak antolatuko dauelako 2020ko edizinoa. Armentiakoek lekukoa pasau deutsie Amurriokoei eta animoak emon deutsiez, hurrengo hileotan izango daben lana gogoz bete deien.
Argazkiak: Araba Euskeraz.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!