Rainer Eder-en 'Learning to Fly' da XI. Bilbao Mendi Film Festivaleko irudia

Bizkaie! 2018-06-05 09:20   Zinemea

Argazkiak Bilbao Mendi Film Festival-en Kartela Saria jaso dau.

Argazkian, Rafa Elorza CVCEPHOTOko arduraduna, Jabier Baraiazarra Mendi Film Festivaleko Zuzendaria, Rainer Eder argazkilari saritua, eta Juancar Sanz CVCEPHOTOko arduraduna | Ikusi handiago | Argazki originala

CVCEPHOTO 4. edizinoko sariak jakitera emon zituen pasa dan zapatuan Donostiako Antzoki Zaharrean egindako ekitaldian, eta tartean dago Rainer Eder argazkilari austriar-suitzarraren Learning to Fly lana, Bilbao Mendi Film Festival Kartela Saria jaso dauena, beraz Mendifilmeko 11. edizinoko (2018ko abenduak 7-16) kartelaren irudia izango dana.

Argazki hau bera, eta CVCEPHOTO mendiko jardueren argazkilaritza lehiaketearen 4. edizinoko argazki onenak Donostiako Easo Plazan dagoz ikusgai, aire zabalean.

Learning to Fly Rainer Eder (Austria) Ibergeregg Chli Schijen, Switzerland



Rainer Eder argazkilariaren esanetan, Suitzako Mammut konpainiarentzat argazkiak egiten nenbilen. Eguraldia ez zan oso ona egun haretan. Argazkiak ateraten ordu bi pasau ondoren, ekatx bildurgarria etorri eta guztia bertan behera itxi behar izan genduan. Aurrerago itzuli ginan eta, zelako ezustea! hatxa siku egoan eta mendien gaineko bistea zoragarria zan. Babsi-ri (Barbara Bacher) sokeagaz salto egiteko eskatu neutson eta, atzeko paisaje ederragaz batera, argazki hau egitea lortu neban.

Erabilitako kamerea: NikonD4 – Objektiboa: Nikon Af-s 24-70 f/2.8
Edegierea: f 5.6 - Abiadura: 1/1250s - ISO: 200


Rainer Eder

Jaiotzez austriarra, Suitzan bizi da. Muturreko kiroletan espezializautako Visual Impact agentziagaz egiten alan. Eskalatzaile amorratua eta argazkilari bikaina da, eta hatx eta izotz eskalatzaile onenakaz lan egiten ohituta dago. Beste hainbat muturreko jardueren argazki lanak be egiten ditu: BASE saltoak, freeriding, speedflying edota kayak. Izen handiko markentzat egiten dau lan, besteak beste, Mammut, Odlo, Black Diamond edota Redbull. 2004tik da argazkilari profesionala, eta Nikon etxeko materiala erabilten dau.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu