'Irrikitan' da Araba Euskarazeko bideoklipa
2018-05-17 13:24 Euskerea berbagaiLibek ipini deutse musikea Jon Basagurenen berbei.
Argantzunen egingo da 2018ko Araba Euskaraz, bagilaren 17an, eta ikastolen jai handi horretarako zehatz hilebetea falta dala, bideoklipa aurkeztu dabe antolatzaileek. Irrikitan da izenburua, Araba Euskarazen leloa be horixe da eta. Joan dan astean egin eben grabazinoa eta dagoeneko ikusgai dago, hemen.
Arabagaz loturea daben hainbat sortzailek hartu dabe parte abestia eta bideoklipa egiten. Jon Basagurenek idatzi ditu berbak, bakarka zein Izaki Gardenak proiektuan ibilitako musikari eta abeslariak. Musikea, ostera, Libe taldearena da. Libe Garcia de Cortazarrek sortu eta gidatutako bandea da hori.
Bideoklipean Libe Garcia de Cortazarrek berak kantetan dau abestia, eta Jon Basaguren be agertzen da. Ganera, Argantzungo ikastolako ikasle eta irakasleen laguntzinoa izan dabe grabazinoan. Trebiñuko konderriko herri horretako parajeak erakusten ditu bideoak. Zuzendaria Beñat Fontaneda izan da.
Zentzunik bako mugak alboratu eta Argantzun Arabara batzeko deia egiten dau kantuak, izan be, Burgoseko parte da Trebiñu eta horrek trabak ekarten deutsez egunerokoan, baita euskerea lantzeko orduan be. Oztopo horreek gainditu eta ikastolea daukie Argantzunen, 50 bat neska-mutil dagoz bertan. Handik hurreko Manzanos herrian instalazino barriak eregiteko erabili nahi ditue Araba Euskarazeko etekinak.
Abestiko berbak irakurri, hemen.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!