Jabier Baraiazarra, International Alliance for Mountain Film-eko presidente

Bizkaie! 2018-03-06 08:15   Zinemea

Bilbao Mendi Film nazinoarteko erakunde horretako kide da.

Jabier Baraiazarra (argazkiak: Mendi Film Festival) | Ikusi handiago | Argazki originala

International Alliance for Mountain Film, IAMF, mundu guztiko hainbat zinema-jaialdi batzen dituan erakundea da, gaur egun 18 herrialdetako 23 zinemaldi dagoz bertan ordezkatuta, baita Torinoko Mendi Museoa be. Tartean dago Mendi Film Festival, urtero Bilbon egiten dan abentura, natura eta mendiaren inguruko topaketea. IAMF-k Eslovenian egindako batzarrean, Jabier Baraiazarra bizkaitarra aukeratu dabe presidente.

Mendi Filmeko ordezkari legez parte hartzen izan dau Baraiazarrak IAMF-n, jaialdiko zuzendaria dan ezkero. Orain, zeregin barria izango dau, bost kontinentetako zinemaldiak alkartzen dituan erakunde bateko presidente izango da eta. Gogotsu dagoala dino Baraiazarrak: Momentu garrantzitsua da hau mendi zinemagintzearentzat, teknologiak ekarritako aldaketek eta zuzendari gazteen belaunaldi barri batek indarra emon deutsie generoari, hazkundea nabarmena izan da produkzino kopuruetan zein kalitadadean, baita ikusle datuetan be.

IAMF-ko gidaritza barrian, Roberto De Martin Trentoko (Italia) zinemaldiko ordezkaria izango da Presidenteordea, Marco Ribetti Torinoko (Italia) Museo Nazionale della Montagnako zuzendariordea izango da koordinatzailea, eta aholkulariak Basanta Thapa eta Silvo Karo izango dira, Kathmanduko (Nepal) eta Domzaleko (Eslovenia) zinemaldietako presidenteak, hurranez hurran. Mendi, abentura eta natura gaien inguruko zinemagintzea bogan dago, horri guztiari eta IAMF-ri ikusgaitasuna emotea izango da gidatuko dodan zuzendaritza talde barriaren ardurea, adierazo dau Baraiazarrak.

IAMF 2000. urtean sortu eben eta Jabier Baraiazarra haren laugarren Presidentea da. Antonio Cembran (Trento), Mireille Chioca (Autrans) eta Joan Salarich (Torello) izan dira aurrekoak. Mundu osoan zabalduta dagoan erakundea danez, kontinente bakotxean be arduradunak ditu: Europan Michael Pause (Tegernsee), Ipar Amerikan Joana Croston (Banff), Hego Amerikan Maria Ema de Antueno (Ushuaia) eta Asia eta Ozeanian Billy Choi (Ulju).

IAMFren hurrengo batzarra Bilbon egingo dabe, abenduan, Mendi Film Festibalaren barruan. Horregaz eta Baraiazarraren izendapenagaz, mendi zinemagintzearen generoan eta industriarentzat erreferente bihurtuko da Bilbo, jaialdiko arduradunen esanetan.

IAMF-ko zuzendaritza barria, Jabier Baraiazarra tartean dala

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu