'The Shape Of Water', Oscarretako pelikularik onena

Bizkaie! 2018-03-05 07:45   Zinemea

Zuzendaririk onenaren saria Guillermo del Torok irabazi dau.

Guillermo del Toro, irabazitako Oscar sari bi eskuetan | Ikusi handiago | Argazki originala

Los Angelesen emon ditue bart Oscar sariak eta aurten ez da egon aparteko ezustekorik. Kinieletan agiri zan legez, Guillermo del Toro mexikarraren The Shape of Water izan da sarituena, lau garaikur emon deutsiez eta. Hamahiru izendapen euki ditu. Film eta zuzendaririk onenen Oscarrez gan, soinu bandarik eta produkzinoko diseinurik onenen sariak emon deutsiez Del Tororen filmari.

Three Billiboards Outside Ebbing, Missouri izan da beste faborito nagusia. Bertako aktore bik eroan ditue sariak: Frances McDormand-ek aktorerik onenarena eta Sam Rockwellek taldeko aktorerik onenarena. Gizonezko aktorerik onenaren atalean, Gary Oldman izan da nagusi, Darkest Hour pelikulan egindako lanagaitik. Hor be ez dabe pronostikoek huts egin.

Darkest Hour-ek Oscar bi irabazi ditu (makillaje onenarena be harentzat izan da). Dunkerque-k, ostera, hiru: Soinu muntaiarik onena, soinu nahasketa onena eta muntaia onena. Jatorrizko gidoiaren Oscarra Jordan Peelek irabazi dau (Get Out) eta egokitutako gidoiarena, James Ivoryk (Call Me By Your Name).

Ingelesez ez dan pelikularik onenaren saria Txilera joan da aurten. Sebastián Lelioren Una mujer fantástica aukeratu dau epaimahaiak. Dokumental onena Icarus izan da.

Sari-banaketa ekitaldia aldarrikapenerako be erabili dabe aktoreek. Beste gala batzuetan jazo dan legez, Oscar sarietako aurtengo gai nagusia emakumeen kontrako jazarpena izan da. Los Angeleseko alfonbra gorria zapaldu daben artista askok #MeToo kanpaineagaz bat egin dabe.

 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu