Robert Bresson zinemagilea protagonista BilbaoArten
2018-03-02 09:51 ZinemeaZiklo berezia eskainiko deutsie martian.
BibaoArteren barruko Art House Cinema proiektuak, A Contracorriente Films-egaz alkarlanean, Robert Bresson zinemagile frantziarraren ganeko zikloa atondu dau martirako, gaur, barikua, hasi eta hilaren 26ra arte. Zuria, gelditasuna eta isiltasuna izenburua ipini deutsie ekimenari; ia hogei urteko errepasoa egingo deutsie Bressonen ibilbideari, aukeratutako lau pelikulen bidez.
Robert Bressonek behin eta barriro esaten eban Ezer ez sobran, ezer ez faltan. Zelan lortu hori? Erantzun bakarra bere filmak behin eta barriro ikustea dala dino BilbaoArtek. Bressonen lanen kalidadea holan azaldu eban Michael Hanekek: Egile bikain ia guztiei buruz esaten da euren obra guztietan ahalegindu dirala pelikula berbera egiten behin eta barriro. Hau ez da egia Bressonegaz, izan be, egiaren menpe izateak ez dau aukeratzen ixten. Robert Bressonek Haneke-ri denpora abstraktu eta alkarrizketa hipotetikoan zera erantzungo eutsan: Zuriaren, isiltasunaren eta gelditasunaren ganean eregi eizu zeure pelikulea. Hortik dator zikloaren izenburua.
Lau film aukeratu ditu BilbaoArtek ziklorako, Bressonen zinemagintzearen erakusgarri. Pelikula bakotxa bi bidar emongo dabe, barikuetan eta astelehenetan. Martiaren 2ko eta 5eko proiekzinoetan, Un condamné à mort s'est échappé izango da ikusgai, 1956an egina eta Frantziako zinemagintzako lan garrantzitsuenetako bat dana, adituen ustez.
Hilaren 9an eta 12an, Au hasard, Balthazar emongo dabe, 1966koa. 16an eta 19an Mouchette (1967) ikusi ahal izango da. Azken pelikulea, Le Diable probablement (1977), martiaren 23an eta 26an proiektauko dabe. Bressonek zuzendutako azkenaurreko pelikulea izan zan eta Urrezko Hartza irabazi eban Berlinen.
Saio guztiak 19:00etan hasiko dira eta sartzea doban da. Filmak jatorrizko bersinoan emongo ditue, hau da, frantsesez, eta gaztelaniazko azpitituluak egongo dira.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!