Eneko Sagardoy Uruguayn saritu dabe

Bizkaie! 2018-02-27 13:36   Zinemea

Punta del Este uriko jaialdian aktorerik onena izentau dabe.

Eneko Sagardoy, 'Handia'-n | Ikusi handiago | Argazki originala

Uruguayko Punta del Este uriko 21. Nazinoarteko Zinemaldiak aktore onenaren saria emon deutso Eneko Sagardoy aktore bizkaitarrari, Handia pelikulan egindako lanagaitik. Sari eta errekozimendu ugari jasoten dabil Aitor Arregi eta Jon Garañoren filma, besteak beste, 10 Goya irabazi zituan Espainiako Akademiaren sariketan. Ganera, publikoak be erantzun ona emon deutso, zinema-aretoetan ikusle gehien batu dituan euskerazko pelikulea da Handia.

Erantzun onaren giltzarrietako bat Eneko Sagardoyren lana da, izan be, Altzoko Handiaren azalean egindako interpretazinoak hainbat sari emon deutsaz durangarrari: Aktore barri onenaren Goya irabazi barri, orain Atlantikoaren beste aldetik txalotu dabe haren lana, Punta del Esteko jaialdian. Hego Amerikako zinemaldirik entzutetsuenetako bat da hori.

Epaimahaian Ana Katz eta Lorena Muñoz argentinarrak, Carlos Gerbase brasildarra, Verónica Perrotta uruguayarra eta Claudio Pereira txiletarra egon dira. Pelikularik onenaren saria Matar a Jesús kolonbiarrari emon deutsie, Laura Morak zuzendua.

Eneko Sagardoyk, bestetik, Uruguayn ez eze Euskal Herrian be emongo dau zeresana egunotan, izan be, Paul Urkijok zuzendutako Errementari filmeko aktore nagusietako bat da. Atzo Bilbon eta Gasteizen egon zan Sagardoy, filmeko beste kide batzukaz batera, Errementari-ren aurrestreinaldian. Zinema-aretoetara barikuan helduko da Patxi Errementariaren istorioan oinarritutako lana.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu