'Handia', 'Converso' eta 'Bi Txirula' Bartzelonan irabazle
2018-02-19 07:54 ZinemeaZinemaldia.cat jaialdiko Urrezko Txapelak emon deutsiez.
Euskal kultureak eta, batez be, zinemagintzeak Bartzelona hartu dabe egunotan, bertako Euskal Etxeak urtero antolatzen dauen Zinemaldia.cat jaialdiari esker. Atzo, domekea, banatu zituen sariak eta Handia-k bere ibilbide arrakastatsuagaz segidu eban. Hamar Goya sari irabazi eta gero, Bartzelonan fikzinozko lanik onenaren Urrezko Txapela emon eutsien Jon Garaño eta Aitor Arregiren lanari.
Dokumentalen atalean, David Arratibelek zuzendutako Converso izan zan irabazlea eta, beraz, alor horretako Urrezko Txapela eroan eban. Azkenik, hirugarren Urrezko Txapela euskerazko pelikularik onenaren sailekoa izan zan. Azkue Fundazinoak sustatzen dau sari hori eta epaimahaiak Bi Txirula aukeratu eban, Iñigo Garcia Agirrezabalagak zuzendutakoa.
Jaialdiko epaimahaian Blai Morell (kazetaria), Barbara Destefanis (BCN Sports Film Festival), Lluís Marquès (aktorea), Bruna Cusí (aktorea) eta Joan Gonzàlez (DocsBarcelona) egon dira aurtengo edizinoan. Zinemaldia.cat amaitzeko ekitaldian banatu dira sariak.
Honenbestez, Zinemaldia.cat amaitu da, bai behinik behin sail ofiziala. Baina egitarauan oraindino badagoz jarduera osogarri batzuk. Esate baterako, Alterzinemaldia izeneko atalaren barruan, martian hitzordu gehiago egongo dirala agindu dabe antolatzaileek.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!