'Prefosta' lelopean egingo dabe Herri Urrats'18
2018-01-05 08:04 Euskerea berbagaiMaiatzaren 13ko ospakizunean batutako dirua Manex Erdozaintzi Etxart ikastetxeari laguntzeko izango da.
Ipar Euskal Herriko ikastolen aldeko jaia maiatzaren 13an egingo dabe aurten, betiko legez Senperen. Seaskako arduradunek agerraldia egin dabe, edizino honen inguruko argibide batzuk emoteko; batetik, leloa zein izango dan azaldu dabe: Prefosta. Adostasuna adierazoteko erabilten da prefosta berbea, batez be Zuberoan. Paxkal Indo Seaskako lehendakariak azaldu dauenez, esamolde horren indarraz eta berezitasunaz gan, ikuspegi geografikoa be kontuan hartu dabe leloa aukeratzeko, izan be, Manex Erdozaintzi Etxart kolegioari laguntzea izango da 2018ko Herri Urratsen helburua eta hango ikasleen herena zuberotarrak dira.
Nafarroa Behereko Larzabal herrian dago ikastetxea, Zuberoatik hur, eta herrialde horreetan bietan dagoan euskerazko kolegio bakarra da, hau da, bigarren hezkuntzako ikasketak eskaintzen dituan bakarra. Nafarroa Behereko eta Zuberoako ikastoletan lehen hezkuntza euskeraz ikasten dabenek Manex Erdozaintzi Etxartera joten dabe gero.
Baionako Etxepare lizeoari laguntzeko dirua batzea zan 2017ko eta 2018ko jaien hasierako helburua, baina norabidea aldatu dabe antolatzaileek, 2018ko edizinoko etekinak Larzabaleko zentrura bialtzeko. Etxepare Lizeoaren beharrizanak mailegu bidez beteko dituela azaldu dau Indok.
Leloa badauka, beraz, 2018ko Herri Urratsek, logo koloretsua be bai, baina abestia falta da. Paxkal Indok aurreratu dauenez, 2zio taldeak sortuko dau kantua. Euskerazko rap musikea egiten dau talde horrek.
Maiatzaren 13rako lau hile geratzen diran arren, giroa berotzen hasteko unea dala erabagi dau Seaskak. Hartara, 2018ko Herri Urratsegaz lotutako lehenengo ekitaldi kulturalaren barri emon dabe: Urtarrilaren 12an, BECtso Saioa egingo dabe Baionan, Bertsolari Txapelketa Nagusiko finalean egon ziran bertsolari guztiakaz: Maialen Lujanbio txapelduna, Aitor Mendiluze, Sustrai Colina, Amets Arzallus, Igor Elortza, Beñat Gaztelumendi, Aitor Sarriegi eta Unai Agirre. Urtarrilaren amaieran, Hego Euskal Herrian beste ekitaldi bat antolatuko dabe, baina ez dabe argibide gehiago emon.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!