'Irrikitan' lelopean egingo dabe Araba Euskaraz Argantzunen
2017-11-29 09:46 Euskerea berbagaiArabako ikastolen aldeko jaia bagilaren 17an izango da.
2018an, Trebiñu aldera begira jarriko dira Arabako ikastolak, hango Argantzun herrian ospatuko dalako Araba Euskaraz. Gasteizen egindako agerraldian, ekitaldiaren inguruko datu batzuk aurreratu ditue antolatzaileek: Batetik, Irrikitan lemapean egingo da jaia eta, horregaz bat eginaz, ikastolen jaia antolatzeko irrikitan dagozala nabarmendu dabe. Aldarrikapenen artean, bagilaren 17an, euskeraz bizi nahi dabela eta Argantzun Araba dala lau haizetara zabaltzeko gogoz dagozala aurreratu dabe.
Bestetik, ibilbidea eta egitaraua zehazteko lanean bete-betean sartuta dagozala azaldu dabe Argantzungo Ikastolako kideek. Leloa eta logotipoa badaukienez, materiala saltzen hasi dira dagoeneko. Ibilbidea, ostera, ia prest dago.
Trebiñuko konderriko zati dan ezkero, Argantzun Burgosko probintziaren barruan dago, administrazinoari jagokonez eta, beraz, Eusko Jaurlaritzearen laguntzinorik ez dauka Argantzungo ikastoleak, erakunde horren eskumenetik kanpo geratzen dalako Trebiñuko lurralde osoa. Gaztela-Leongo eta Burgosko agintariek, ostera, ez dabe ikastolak babesteko ezelako asmorik. Hartara, diru-iturri bila ibili behar dabe beti.
Araba Euskaraz izango da Argantzungo ikastoleak bizi dauen egoera larri horri aurre egiteko bide nagusietako bat. Lehen Hezkuntzako zikloa eskaintzen hasteko erabili nahi dabe bagilaren 17an batuko daben dirua. Gaur egun, sei urtera arteko 50 ikasle inguru ditue eta, eskaintzea Lehen Hezkuntzara zabalduta, kopuru hori bikoiztea aurreikusi dabe.
Hedabideen aurrean aurkeztu ditue Araba Euskarazen nondik norakoak, baina herritarrei be hurreratu nahi deutsie 2018ko edizinoa eta, esangura horretan, abenduaren 1ean, barikuan, Araba Euskarazen Aurkezpen Jaia egingo dabe, Argantzunen bertan; arratsaldeko 18:00etan hasita, umeentzako jarduerak, jantzea, animazinoa eta abar egongo dira.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!