Ibilaldia hemen da, dana prest Mungian
2017-05-26 13:15 Euskerea berbagaiUnai Rementeria Bizkaiko Ahaldun Nagusiak harrerea egin deutse aurtengo edizinoko arduradunei.
Mungiako Larramendi ikastoleak antolatuko dau Ibilaldia domekan, maiatzak 28. Ikastetxe horretako arduradunak eta Ikastolen Alkarteko ordezkariak Bilbon izan dira, Foru Jauregian. Bertan, Unai Rementeria Ahaldun Nagusiak eta Lorea Bilbao Kultura diputaduak harrera instituzionala egin deutsie. Ospakizunera joateko konbita egin deutsie Ibilaldikoek Rementeriari eta honek baiezkoa emon deutse, izan be, erakunde publikoek urtero babesten dabe Bizkaiko ikastolen aldeko ospakizuna. Egunari ekiteko, zintea ebagiteko ekitaldian, Jaurlaritzako eta Foru Aldundiko agintariak izango dira, besteak beste. Larramendiko lehenengo promozinoko ikasleek ebagiko dabe zintea, 09:30ean. Aurrikuspenen arabera, 100.000 lagun batuko dira Mungiako zirkuituan, Egunero alkarregaz lelopean.
Bigarren aldiz antolatu dau Ibilaldia Mungiak. Lehenengoa 1998an izan zan, Erdu geugaz lelopean. Oraingo hau ikastetxearen 50. urteurrenagaz bat eginda dator. Gaur egun, Mungia eta inguruetako mila ikasle baino gehiago daukaz eta, hortaz, Bizkaiko irakaskuntza zentro handienetako bat da.
Mungiako herrigunearen eta Larramendi ikastolearen arteko zirkuitua atondu dabe domekarako, 5,7 kilometrokoa. Lau gune egongo dira bidean, eta bakotxean makina bat jarduera. Kontzertuetan goi mailako musikariek joko dabe: Hesian taldeak, Anje Duhaldek, Trikiziok eta abarrek. Egitaraua eta guneen informazinoa, hemen.
Itziarren Semeak be Alkarregaz gunean (3. zenbakiduna) izango da. Talde horrek egin dau aurtengo Ibilaldiaren kantua eta bideoklipa, Taket bertso eskolako Jone Larrinagaren eta Mikel Goirienaren testuetan oinarrituta.
Bizkaibusek zerbitzu bereziak ipiniko ditu, jenteari garraio publikoa erabilteko erraztasunak emoteko. Bilbotik, Bakiotik, Sopelatik, Plentziatik, Bermeotik eta Gernikatik abiatzen diran zerbitzuek maiztasun handiagoa izango dabe. Esaterako, goizean eta eguerdian, Bilboko Moyua plazatik 10 minuturo egongo dira autobusak.
Urte osoko lanaren ostean, egun berezia izango da domekakoa Bizkaiko ikastolentzat. Ganera, aurrera begira be jarriko dira: 11:15ean Ibilaldia gelan ekitaldia egingo da, eta bertan Larramendi Ikastoleak lekukoa pasauko deutso 2018ko Ibilaldia antolatuko dauen Santurtziko Bihotz Gaztea Ikastoleari.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!