'33 ezkil' liburua plazaratu dau Miren Gorrotxategik

Bizkaie! 2016-10-27 08:10   Kulturea

Augustin Zubikarai saria jaso eban 2015ean eta horri esker idatzi dau 33 ezkil (Elkar). Azpeitiarraren lehenengo nobelea da thriller erako istorio hori.

Miren Gorrotxategi, erdian, liburuaren aurkezpenean (argazkia: Elkar) | Ikusi handiago | Argazki originala

Ondarroako Udalak eta Elkar argitaletxeak urtero emoten deutsie Augustin Zubikarai saria idazle bati, euskerazko nobela bat idatzi daian. 2016an Katixa Agirrek irabazi dau saria, egunotan jakin danez, eta urtebete inguru barru argitaratuko da aurkeztu dauen proiektuaren emoitzea. Igaz, ostera, Miren Gorrotxategik irabazi eban saria eta Donostian aurkeztu dau bere nobelea, 33 ezkil.

Azpeitiarraren lehenengo nobelea da 33 ezkil. Thriller erako istorio horretan, zenbatgura hildako eta misterio topauko ditu irakurleak. Nobelearen hasikeran, Garizmendi baserriko Ferminek buruhazur bat topau dau lurperatuta. Semeari deituko deutso eta, honek, arkeologoa dan andregai ohiari, gertatutakoa argitu nahian. Istorioa korapilatzen hasiko da hildako gehiago agertu ahala. Gertakizun misteriotsuak ez eze, personen arteko hartu-emonetan, belaunaldien arteko aldean, droga kontuetan eta abar arakatzen dau Gorrotxategik.

Elkar argitaletxeak dinoanez, Miren Gorrotxategik erraztasuna dauka kontakizunean flashback-ak eta alkarrizketak bikain erabilteko. Prosa arin eta dotorea erabilita eta gertakarien inguruko informazinoa dosifikauta, nobela baltz erakargarria idatzi dau.

Gaur, eguena, Ondarroako Literatur Amuak jaialdian izango dira Miren Gorrotxategi eta Katixa Agirre, Augustin Zubikarai sariketako 2015eko eta 2016ko irabazleak. Kofradia Zaharrean 19:40an hasiko dan ekitaldian, 33 ezkil liburuaren ganean egingo dau berba Gorrotxategik eta aurtengo saria emongo deutsie Agirreri.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu