Ondarroako txoko guztietara helduko da Literatur Amuak jaialdia
2016-10-25 11:11 KultureaUrriaren 27tik zemendiaren 1era egingo dabe aurten Literatur Amuak. Besteak beste, Kirmen Uribek bere nobela barriaren pasarte bat irakurriko dau.
Literatureagaz eta sorkuntzeagaz lotutako jarduera ugari antolatu dira aurtengo edizinoan. Herriko txoko guztietara zabaldu nahi dabe Literatur Amuak jaialdia eta, hortaz, Ondarroako Udalak erabagi dau ekintzak espazio barrietara eroatea. Portuko Ranpa, Etxelila, Gaztetxea eta Musika Eskolea dira aukeratutako espazioetako batzuk.
Euskal sortzaileak, batez be Ondarroakoak, dira jaialdiko ardatza. Halandabe, aurten lehenengo aldiz, galizierari be lekua egingo deutsie. Galiziazaleak alkartearen ekimenez, hizkuntza horretan errezitaldia egongo da hilaren 29an, Todos os mares, o mar izenburupean.
Kirmen Uriberen nobela barriaren aurrerapen bat entzuteko aukerea be emongo dau Literatur Amuak-en 5. edizino honek. Izan be, Ondarroako idazleak argitaratzear daukan Elkarrekin esnatzeko ordua liburuaren pasarte bat irakurriko dau. Zemendiaren 1ean izango da hori, Kofradia Zaharrean.
Beste idazle asko be protagonista izango dira: Yolanda Arrietak Argiaren alaba aurkeztuko dau Etxelilan, Jasone Osorok 12etan bermuta liburutegian eta Ander Odriozolak Freeport Kofradia Zaharrean. Oier Guillanek idatzitako Mr Señora antzezlaneko testuak errezitauko ditue urriaren 30ean, Portuko Ranpan eta Ene Maite Kuttun Guztiak izenburuko errezitaldia egingo dabe 29an Harkaitz Canok, Ainara Gurrutxagak eta Iban Urizarrek.
Jantzeagaz lotutako ekitaldi bi be aitagarriak dira. Batetik, Aharitopeka ikuskizuna eroango dabe Eneritz Zeberiok eta Nahia Iparragirrek Kofradia Zaharrera, hilaren 27an. Bestetik, hilaren 31n, leku berean, Dantza Gurea jantza musikatua egongo da. Testurak bertso-saioa, ostera, Etxelilan izango da, urriaren 28an. Anariren kontzertu akustikoa Portuko Ranpan izango da, hilaren 30ean.
Augustin Zubikarai nobela lehiaketako sariak banatzeko be aprobetxauko dabe Literatur Amuak, baita Nanoipuin lehiaketakoak be. Gehienez 140 karaktere dituen istorioak dira nanoipuinak. Ganera, IV. Ipuin Rallya antolatu dabe, hilaren 27an, Kofradia Zaharrean.
Urtetik urtera gero eta indartsuago dagoan jaialdia da Literatur Amuak, Ondarroako Udalaren ustez. Sei egunez, edade guztietarako aproposak diran jarduerek beteko dabe herria, danak literaturearen eta sorkuntzearen ingurukoak. Egitarau osoa, hemen.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!