'Geroari begira' jarriko gara Araba Euskaraz jaialdiagaz bat eginda
2016-06-16 10:35 Euskerea berbagaiDatorren domekan, bagilaren 19an ospatuko da Arabako ikastolen aldeko jaia, aurten Aguraingo Lautada Ikastoleak antolatuta.
Aguraingo Lautada ikastolea gazte-gaztea da, zazpi urteko ibilbidea baino ez dauka, baina 250 ikasle inguru ditu. Geroari begira lemapean, Lautada ikastoleak etorkizunari begiratu nahi deutso eta jakin arren Agurainen eta Arabako lautadan euskaldunen kopurua hazteko ez dala nahikoa umeen euskalduntzea bermatzea, lan horretan ekin eta helduek be euskerea ezagutu eta erabiltea ezinbestekoa dala uste dabe Araba Esukarazeko antolatzaileek; hori dala eta, aurten Aguraingo AEK omenduko dabe.
Aguraingo Lautada ikastoleak antolatu dau aurtengo Araba Euskaraz eta badauka esperientzia zeregin horretan, izan be, antolatzen dauen hirugarren aldia da. Aurten batutako dirua eraikina barrizteko erabiliko dau Lautada ikastoleak.
Ganerakoan, lau gunetan banatuta, edade eta gustu guztietarako ekitaldiak antolatu ditue Agurainen: herri kirolak, tailerrak, umeentzako jolasak eta pailazoak eta, zelan ez, kontzertuak.
Galzar gunea (1. gunea) kontzertuen gunea izango da eta, estilo askotariko doinuz jantziko da egun horretan. Hain zuzen be, Oihan Vega izango da agertokian agertuko dan lehenengoa. Geroago McOnak Lekeitioko taldearen txandea izango da, 14:30ean; ondoren, Eraturen zuzenekoak hartuko dau lekua. Amaitzeko, 17:30ean Hesianek zarratuko dau kontzertuen zikloa.
Sagarmin gunean (2. gunea), bestak beste, Oxabiren doinuak entzungo dira, baita Arramazkaren abestiak bere.
Hirugarren gunea, Bentatxo, jantzarako gunea izango da. Eguerditik hasita Zumba tailerra, Batukada eta Oskiozola taldea izango dira.
Laugarren gunea, barriz, umeen gunea izango da. Etxeko txikienek Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoen eta Eriz magoaren ikuskizunakaz gozetako aukerea izango dabe. Eguna amaitzeko, 17:30etatik aurrera, umeei zuzendutako disko festa izango da.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!