Badator Kilometroak 2016, 'Demasa' lelopean
2016-09-27 12:52 Euskerea berbagaiUrriaren 2an izango da Gipuzkoako Ikastolen jaia, Bergaran. Gaur, Gasteizen, Lehendakariagaz batzartu dira Kilometroakeko arduradunak.
Lehendakaritzearen egoitzan egindako batzarrean, aurtengo Kilometroak jaiaren nondik norako guztiak azaldu deutsez Ikastoletako arduradunek Iñigo Urkullu Lehendakariari eta Cristina Uriarte Hezkuntza sailburuari. Jaurlaritzearen babesa jaso dau, era berean, Kilometroakek.
Domekan, hilak 2, ospatuko da Kilometroak 2016, Bergarako herrian eta inguruetan atondutako zirkuituan. Gipuzkoako Ikastolen jaiaren 40. ekitaldia izango da eta Aranzadi ikastolea arduratu da antolakuntzaz. Aurtengo leloa Demasa izango da, izan be, hori da asmoa, jaia demasa izatea. Helburu hori beteteko, edade, eretxi eta erlijino askotako personak batu ditue antolatzaileen taldean, Aranzadi ikastolakoek azaldu dabenez.
Urte guztiko prestakuntzea dakar Kilometroak jaiak. Aurtengo edizinoan, 300 boluntario inguru dabilz dana behar dan moduan preparetan eta, egunean bertan, 1.500 boluntario izango dira. Aranzadi ikastoleak kreditu handi bat dauka ordaintzeko eta, batutako diruari esker, zor hori arindu nahi dabe.
Bost gune izango ditu zirkuituak, gehienbat ingurune urbanoan. Bost kilometroko bidea izango da, gurpil-aulkian dabilzanentzat egokitua. Ohiko legez, jateko, edateko eta musikea entzuteko lekuak egongo dira, jolasak, lehiaketak eta ikuskizunak ahaztu barik. Kontzertu deigarrienetako bat Doctor Deseok emongo dau: Urte askoko ibilbidean, talde bilbotarrak lehenengoz joko ditu kanta guzti-guztiak euskeraz. Beste kontzertu erakargarri batzuk be egongo dira: Anari, Sorkun, Joseba B. Lenoir, Ze Esatek, Anje Duhalde...
Egitaraua askotarikoa dala dinoe antolatzaileek, gustu guztiak asetzeko modukoa. Umeen gunea be nabarmendu dabe, Haurren basoa izenekoa. Izan be, prozesu parte-hartzaile baten bidez, umeek eurek erabagi dabe zelakoa izango dan gune hori.
Trafikoa arintzeko, autobus zerbitzu bereziak ipiniko ditue egunean bertan. Antolatzaileek garraio publikoa erabilteko deia egin dabe, eta inguruko herrietatik bizikletan joateko deia be zabaldu dabe, bizikletak gordeteko leku bereziak atonduko ditue eta. Era berean, garbitasunez jokatzeko eskatu dabe, eta lohiak jagokon kontenedorera botetako. Amaitzeko, jarrera sexistarik ez dala onartuko gogoratu dabe antolatzaileek.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!