Teknologia barrietan euskerea gehiago erabilteko gomendioak plazaratu ditu Jaurlaritzeak
2016-05-16 15:46 Euskerea berbagaiEuskerearen Aholku Batzordeko IKTen atalak aurkeztutako agirian, hamabi gomendio jasoten dira, herri-erakundeei eta interneten dabilzan profesionalei zuzenduak. Teknologia barrietan eta interneten euskera gehiago erabilteko helburua daukie gomendiook. Hizkuntza txikiek interneten badaukiela lekua baina lanean segidutea ezinbestekoa dala dino Jaurlaritzeak.
Maiatzaren 17a Interneten Nazinoarteko Eguna da eta gomendioen agiria edo kartea aurkeztuta, nekez ospatu leiteke hobeto holako egun bat, Patxi Baztarrika sailburuordeak adierazo dauenez. Hilabete askoko lana dago kartearen atzean, Baztarrikak dinoanez. Euskerearen Aholku Batzordeko IKTen alorreko buru Maite Goñi egon da agiriaren aurkezpenean, alor horretako beste kide batzukaz eta Baztarrikagaz batera.
Teknologia barriak eta internet gaur egungo gizartearen ardatzetako bat dira eta, hasikerako aurrikuspen ezkorrak gaindituta, badirudi euskereak lekua egitea lortu dauela egoera barrian. Holan, euskerearen osasun digitala ona dala esaten da: Interneteko tresna garrantzitsuenetako asko euskeraz dagoz, Wikipedian 240.000 artikulu baino gehiago dagoz, jolasak eta aplikazinoak euskeratu dira...
Halandabe, lanean segidutea beharrezkoa dala uste dabe Euskerearen Aholku Batzordekoek. Euskerea teknologia barrietan sartzeko ahalegin bateratua beharko dala dinoe. Holan, interneten euskerearen presentzia eta erabilerea areagotzeko gomendioen agiria idatzi dabe. Batez be herri-aginteei zuzenduta dagoan arren, interneten eta teknologia barrietan dabilzan enpresa eta profesionalak be badira dokumentuaren hartzaileak.
Gomendioen karta hau erreferentzia izango da euskerazko IKTen sustapenean, adierazo dau Patxi Baztarrikak. Beste hizkuntza gitxitu batzuentzat be eredua izan leiteke agiria. Horregaitik, maiatzaren 26an Bilbon egingo dan NPLDren batzarrean aurkeztuko dabe. Hizkuntza Aniztasunaren Sustapenerako Sarea da NPLD eta dozena bat hizkuntza-komunidadetako ordezkariak izango dira Bilboko batzarrean.
Agirian jaso diran hamabi gomendioak honeek dira:
1-Euskerazko Wikipedia sustatu.
2-Enpresa estrategikoakaz hartu-emona garatu.
3-Eten barik barritzen diran edukinak kontuan hartu.
4-Administrazinoak lagundutako edukinetan lizentzia libreak sustatu.
5-Euskerazko IKTen ganeko datuak lortu.
6-Ikus-entzunezkoen alorrean eragin.
7.Bideo-jokoen alorrean eragin.
8-Euskaldunek gehien erabilten dituen aplikazinoak eta sare sozialak identifikau eta itzuli.
9-Sarean euskerea bultzatzen daben ekimenak identifikau.
10-Zaintza teknologikoa ziurtatu.
11-Edukin publikoa sareratu.
12-Hizkuntza teknologiak garatzen lagundu.
Agiria osorik, hemen.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!