Nafarroan ETBren emisinoa eteteko erabagia barriro aztertzeko eskatu deutso Euskaltzaindiak Rajoyri

Bizkaie! 2016-05-13 13:05   Euskerea berbagai

Akademiak Mariano Rajoy Espainiako jarduneko presidenteari eskatzen deutso, Nafarroan Euskal Telebistaren emisinoa eteteko hartutako erabagia barriro aztertzeko, aginduak foru erkidegoko hizkuntza ofizialetako baten telebista ikusteko aukerea ukatzen deutselako nafarrei.

Erreniagako errepetidorea ETB emitiduteari itxi deutsanetako bat da | Ikusi handiago | Argazki originala

Andres Urrutia eusaltzainburuak sinatu dau gutuna. Mariano Rajoyri ez eze, Euskal Autonomi Erkidegoko eta Nafarroako Foru Erkidegoko lehendakariei be idatzi bana bialdu deutse Urrutiak, Nafarroan ETBren emisinoa bermatzeko ahal daben guztia egin daien.

Maiatzaren 5ean, Espainiako Industria Ministerioaren aginduz, ETBk seinalea bialtzeari itxi eutsan Nafarroako errepetidoreetatik. Hartara, Goi Nafarroako lurralde gehien-gehienetan euskerazko telebista publikoa ikusi ezinda dagoz, baita Araba ekialdeko eskualde batzuetan be.

Gizarteko hainbat eragilek egin daben eskariagaz bat eginda, Euskaltzaindiak be emisinoei berrekiteko deia egin dau eta eskumena daukien erakundeei horretarako pausuak egiteko eskatu deutse. Espainiako jarduneko presidenteari bialdutako gutunean, euskaldunentzat ETBk daukan garrantzia azaldu deutso Akademiak. Hizkuntzeari eutsi eta berau garatzeko, telebista publikoa ezinbestekoa dala dino.

Era berean, herritarren eskubide ukaezina da komunikabideen eskaintzea nork bere hizkuntzan jaso ahal izatea, Euskaltzaindiak Rajoyri gogoratu eragin deutsanez. Euskerea Nafarroan bertan ofiziala dala azpimarratu dau Akademiak. Horregaitik, ETBren emisinoak bertan behera lagatzeko aginduan atzera egiteko eskatu deutso.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu