'Gasteizko Toponimia V, Arratzua I' liburua aurkeztu dabe
2016-03-10 10:47 kulturbizArabako uriburuko 64 herrixketako toponimo guztiak -bai historikoak, bai eta bizirik dirautenak be- era sistematikoan batzea da Gasteizko Toponimia egitasmoaren helburua. Euskaltzaindiaren egitasmo honen datu-baseak 400.000 sarrera ditu.
Gaur eguenea, martiaren 10ean, Gasteizko Toponimia V, Arratzua I/ Toponimia de Vitoria V, Arratzua I liburua aurkeztu dabe Euskaltzaindiak eta Gasteizko Udalak, Gasteizen, Montehermoso / Oihaneder Euskararen Etxean. Elena Martinez de Madina Onomastika batzordeko kide eta euskaltzain urgazlea da lanaren egilea eta Patxi Salaberri Zaratiegi euskaltzaina egitasmoaren zuzendaria. Eurek egin dabe aurkezpena, Gorka Urtaran Gasteizko alkateak eta Andres Urrutia euskaltzainburuak lagunduta.
Argitalpena Euskaltzaindiak argitaratzen dauen Onomasticon Vasconiae bildumaren 31. liburukia da. Gasteizko Toponimia egitasmoaren babeslea Gasteizko Udala izan da, hasieratik bertatik.
Liburua Gasteizko Toponimia egitasmoaren barruan argitaratzen dan bosgarrena da. Aurrekoak honako honeek dira: Gasteizko Toponimia I / Toponimia de Vitoria I (Ciudad / Hiria) eta Gasteizko Toponimia II / Toponimia de Vitoria II ( Malizaeza) (2009); hirugarrena, Gasteizko Toponimia III, Gasteizko Ubarrundia/ Toponimia de Vitoria III, Ubarrundia de Vitoria (2011) eta laugarrena Gasteizko Toponimia IV, Langraiz/ Toponimia de Vitoria IV, Langraiz (2013).
12.000 agiri lekukotasun eta 1.497 toponimo sarrera
Gaur Arratzua merindadeari jagokon lehen liburukia -Arratzua I- aurkeztu dabe, izan be, Gasteizko Arratzua merindadea 21 herrik osotzen dabe; hori dala eta, inguruaren hedadura zabalarengaitik, hiru liburukitan aztertuko dira. Arratzua I da lehena eta bertan Arkaia, Arkauti, Betoñu, Elorriaga, Gamiz eta Otazuko leku izenak aurkeztu eta aztertu dira.
Gasteizko Toponimia egitasmoaren datu-baseak 400.000 sarrera ditu. Arratzua I toponimia ikerketarako 40.000 sarrera inguru erabili dira. Gainera, 12.000 agiri lekukotasun eta 1.497 toponimo sarrera aurkeztu ditue, era honetan banatuak: Arkaia, 294 toponimo; Arkauti, 244; Betoñu/Betoño, 279; Elorriaga, 251; Gamiz, 177; eta Otazu, 252. Sarrera bakotxean toponimoaren lekukotasunen lagina, bere etimologia, edo hipotesiak, eta zenbait datu historiko jaso ditue.
Patxi Salaberrik adierazo dauenez, agirien azterketa sakona ez eze, egileak geugana bizirik iraun daben izenak be jaso ditu. Eta bizirik iraun dinot toponimo batzuk hil eta beste batzuk sortzea gauza berezkoa izanik be, hizkuntza aldaketak, lur batzeak eta lurrari hain atxikia ez dan egungo bizimoduak ondoriotzat agirietako izenetarik jentearen gogoan eta mihian ehuneko hamahiru bat besterik ez izatea ekarri dabelako.
Osogarri lez, aurkibideak sartu ditu egileak, herriz herrikoak lehenik eta orokorra ondotik, baita berba nagusien zerrenda bat eta atzizkiak azaltzen diran orrialdeak be.
Azkenik, herrien mapak be badakarz argitalpenak, toponimoak bertan kokatuz.
Patxi Salaberrik gaur azpimarratu dauenez, Gasteizerriko ondare materiagabearen berreskuratze, arautze eta aztertze lan hau nahitaezkoa, baitezpadakoa da ondoko belaunaldiei gure arbasoek eta aitita-amomek erabilten zituen toponimoak helarazoteko, zinez kultura altxor preziobakoa osotzen dabelako. Aintzat har bedi, ganera, aztertutako herriak uriburutik oso hur dagozala, eta horregaitik be komenidu dala toponimoak zuzen emonda egotea, hurrekotasunak industriagune eta mueta guztietako instalazinoak sorrarazoten ditualako eta, bistan da, horreek ondo ipinitako izena behar dabe, kokatuta dagozan lekuarena, berbarako. Bestalde -gaineratu dau- eta laugarren liburukiaren aurkezpenean esan nebanez, Gasteiz garrantzi handiko lekua da euskerearendako: dialektologialari batzuen arabera, hemengo euskereak emon deutse sorrerea Bizkaiko eta Gipuzkoa-Nafarroetako alderdi bateko berbakerei.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!