Euskal Hedabideen Behategia sustatzeko hitzarmena sinatu dabe
2016-01-14 17:37 kulturbizLankidetza horren oinarriak ondokoak dira: ikerketea, barrikuntzea eta prospektibea garatzea, euskal hedabideen datu basea sortzea, irakasleen eta profesionalen komunidadea sortzea eta euskal hedabideei buruzko topagunea garatzea, eta, besteak beste, euskal hedabideen sektorea indartsuagoa eta eraginkorragoa egiteko helburua dabe.
Hekimen Euskal Hedabideen Alkarteak eta UPV/EHUk, Mondragon Unibersidadeak eta Deustuko Unibersidadeak Euskal Hedabideen Behategia sustatzeko hitzarmena sinatu dabe Bilbon. Era horretara, 2012an, alkartearen eta hainbat ikerketa talderen artean hasitako bideak babes instituzionala jaso dau, eta lankidetza markoa ezarrita geratu da erakunde akademikoen eta euskal hedabideen artean. Sinatzaileak izan dira: Hekimeneko zuzendari Alberto Barandiaran; Fernando Plazaola, UPV/EHU Ikerketa arloko errektoreordea, errektore lanetan; Deustuko Unibersidadeko errektore José María Guibert eta Mondragon Unibersidadeko errektore Vicente Atxa.
Lankidetza horren oinarriak ondokoak dira: ikerketea, barrikuntzea eta prospektibea garatzea, euskal hedabideen datu basea sortzea, irakasleen eta profesionalen komunidadea sortzea eta euskal hedabideei buruzko topagunea garatzea, eta, besteak beste, euskal hedabideen sektorea indartsuagoa eta eraginkorragoa egiteko helburua dabe. Hain zuzen be, unibersidadeen eta Hekimen Alkartearen arteko lankidetzeak, aurrerantzean, honako helburuak izango ditu:
• Euskal hedabideen arloko ikerketa eta barrikuntzarako gune bat zehaztea, erakunde sinatzaileen arteko lankidetzarako sinergiak eta dinamikak hobetuko dituana.
• Unibersidadeagaz alkarlanean, euskal hedabideen balioa sustatzea, barrikuntzarako eta ezagutzearen transferentziarako estrategiak alkarren artean banatuz eta gizarteagazko loturak sendotuz.
• Alkarren artean euskal hedabideen eta haren inguruko ikertaldeen ikusgarritasuna bultzatzea, komunikaziNoak eta euskereak gizartean daukan zeregina indartuz.
Gaurko prentsaurrekoan, eragileek azpimarratu dabe sektorearentzat ez eze, unibersidadeko ikerlarientzat Behategiak daukan garrantzia, lankidetza gune barria zabaltzen dauelako euskal hedabideen eta komunikazinoko adituen artean, eta ateak zabalik ditualako bai administrazinoetarako zein sektore publikoarentzat.
Alkartea eta bost ikerketa talde
Hekimen Alkartea 2012an sortu zan, eta gaur egun Euskal Herri osoko 50 komunikabide baino gehiago dagoz alkartean, prentsa, telebista, irrati eta internetekoak. Sortze beretik helburu horixe jarri eutson bere buruari: euskal unibersidadeakaz gune bat garatzea, sektorearen errealidadea hobeto ezagutu ahal izateko. Hiru unibersidadeetako hainbat ikerketa taldegaz azken hiru urteotan egindako lanaren ondorioz, eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Udalbiltzaren babesagaz, alkarlanaren lehen fruituak jaso dira; holan, euskal hedabideen datu basea diseinau eta garatu da, hainbat ikerketa lan bultzatu dira eta Euskal Hedabideen lehen Urtekaria argitaratu da.
UPV/EHUn hiru ikerketa talde dabiz euskal hedabideen inguruan lanean. Nor taldea literaturearen barrikuspena eta euskal komunikazino espazioaren inguruko ikerketea egiten dabil. HGH ikertaldeak (Hedabideak, Gizartea eta Hezkuntza) kalidade indizeak eta helburuak lantzen ditu euskerazko komunikazinoen eskaintza etenbarik hobetzeko. Europako Hizkuntza Gitxituen Hedabideak eta Kazetaritza (HEKA) ikertaldeak, azkenik, urte asko daroaz euskerazko hedabideen egiturearen analisia osotzen. Talde horreez gan, UPV/EHUk Euskal Unibersidade Sistemako beste ikertalde batzuk daukaz, Euko Jaurlaritzeak autortuak eta I+G lan handia egiten dabenak komunikazino eta kulturearen, kazetaritza eta komunikazinoaren, hedabideen eta Interneten eta komunikazino eta hezkuntzearen arloan, besteak beste; ganera, unibersidadeak badauka Komunikazino eta Hezkuntza Balioak Unesco Katedrea, Unesco UniTwin Sarean txertatua.
Mondragon Unibersidadeko Humanidade eta Hezkuntza Zientzien Fakultadeko (Huhezi) HEZIKOM ikertaldeak euskerazko ikus-entzunezko eta kazeta produkzinoa aztertzen dau, haren konsumoa eta gizarte proiekzinoa, baita euskerazko hedabideen etorkizuneko erronkak be. Talde honen helburua honako hiru arlo honeek ikertzea da: ikus-entzuneko produktuen, komunikabideen eta Interneten proiekzino soziala eta beren eragina hezkuntza-eragile legez; ikus-entzunezkoen erabilerea ikaste-irakaste prozesuetan; eta Euskal Herriko euskerazko tokiko komunikabideen sareak eta baliabideak.
Deustuko Unibersidadeko Euskal Gaien Institutua, Mondragon Unibersidadeko eta UPV/EHUko zenbait irakaslegaz batera, proiektu bat adagoz garatzen euskerazko komunikabideen konsumoa modu kualitatiboan ikertzeko. Deustuko Unibersidadeko Giza eta Gizarte Zientzien Fakultadeko Komunikazino Sailari atxikitako Komunikazinoaren ganeko Ikerketa Taldeak, era berean, Eusko Jaurlaritzearen autortza ofiziala lortu eban 2012an.
Orain arte egindako lanak
Euskal hedabideen datu baseari jagokonez, Hekimen osotzen daben komunikabideen finantzazino datuak, egiturazko datuak edo audientzia datuak batzeari ekin jako. Kontuan hartuta laster datu baseak izango dauen izaerea, duda barik esan daiteke sektorearen beraren eboluzinoa ulertzeko ezinbesteko tresna izango dala.
Behategiaren babespean, Interneteko konsumoari buruzko datuak sistematikoki batu eta ustiatzeko tresnea garatu dabe hedabideek 2015ean, Hekimen Analytics izenekoa. Hari esker, euskal hedabideek, hogeita hamar adierazle baino gehiagoren bidez, sareko konsumoaren nondik norakoa ezagutu leikie, alderaketak egin leikiez ganerako komunikabideakaz, eta sektorearen beraren eboluzinoa aztertu leikie. Konsumoa bera eta haren eboluzinoa aztertzeko, bestetik, hainbat lan egin dira Behategiaren babesean, eta hainbat aldizkari akademikotan argitaratu dira.
Behategiaren finantzaketa publikoari esker, Mondragon Unibersidadeko Hezikom taldeak euskal hedabideen balio sozialaren inguruan garatzen dagoan ikerketa lana lagundu dau Hekimen alkarteak. Ikerketa lan horren helburua da sektorearen ekarpen soziala balioan jartea.
Euskal Hedabideen Urtekaria abenduaren 7an aurkeztu eben Durangon, Azokearen barruan. Azken urteotan euskal hedabideen inguruan unibersidadearen esparruan osotu diran ikerketen lagin esanguratsua jaso da.
Gaur sinatutako hitzarmenaren ondorioz, lanok, aurrerantzean, lankidetza marko jakin baten babesean egingo dira.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!