Nerbioi-Ibaizabal bailarako herri ondarea herritarren artean zabaltzeko ekimenak aurkeztu ditue
2015-10-19 13:57 kulturbizNerbioi Ibaizabal Bailaran, martxan jarritako Zuztarretatik ahora egitasmoari jarraipena emon guran, bederatzi herritan (Arakaldo, Arrankudiaga, Arrigorriaga, Basauri, Etxebarri, Galdakao, Orozko, Ugao-Miraballes eta Zaratamon) dagozan ibilbideak erakusteko bideo barri bi aurkeztu ditu Labayru Fundazinoak: Antxinaren arnasa: Ibarra, Zaloa, Urigoiti (Orozko) eta Mape errekea, Txarapiolatik Ganpera (Busturia).
Zuztarretatik ahora egitasmoak 9 urteko ibilbidea bete dau. Bederatzi urteotan Nerbioi-Ibaizabal bailarako bederatzi udalerrik bat egin dabe gure ahozko ondarea berreskuratu eta belaunaldi barriei ondorengoetaratzeko ahaleginean. Hasiera batean, Arakaldo, Arrankudiaga, Arrigorriaga, Basauri, Etxebarri, Galdakao, Orozko eta Ugao-Miraballesko udalek bultzatu eben proiektua eta, aurrerago, 2010ean, Zaratamoko udalak be sustatu eban egitasmoa. Orduan, proiektu honen helburua herri horreetako euskal ondare etnografikoa eta linguistikoa batu, sailkatu, landu eta guztiagaz Ume eta Lehen Hezkuntzako umeentzako Euskal Curriculumean txertagarri izango zan material didaktiko-pedagogikoa sortzea izan zan. Ibilbide horretan, Zuztarretatik ahora izeneko DVDa, gida didaktikoaren papelezko euskarri elebiduna, Orbelak airez airez kantu bildumea, www.zuztarretatikahora.com webgunea eta izen bereko abestia, Zuztarluze Lehiaketea, bideo-erreproduktorea, azpitituluakaz eta hiru hizkuntzatan: euskeraz, gaztelaniaz eta ingelesez eta igaz lehen ibilbide toponimikoak sortu dira.
Eskola agenda 2015-2016
Aurten be irailean eskola agendea gure artean izan dogu proposamen, idea eta erronka barriakaz, guztia Zuztarretatik ahora egitasmoaren barruan.
Eskola agendea, ikasle, irakasle eta gurasoen arteko komunikazinorako tresna estimagarria da, baina horrezaz gan, Nerbioi-Ibaizabal bailarako eduki etnolinguistikoak zabaltzeko be aukera parebakoa eskaintzen dauena. Agendan, guraso-irakasleen arteko oharrak, ordutegiak, helbideak eta bestelako eduki funtzionalak azaltzen dira. Era berean, bederatzi udalerriotako jai bereziak, egun garrantzitsuak, hitzorduak, eta abar agertzen jakuz. Aurtengo agendearen gai nagusia Zuztarretatik ahora egitasmoan sartuta dagozan herri bakotxeko ibilbideak (auzoak, mendi ibilbideak…) izan dira, Zuztarretatik oinez lemapean.
Aurten, kontakizunak Itziar Ituño gazte basauriarrak sortu ditu, ibilbide bakotxean bertako zehetasunak ondo azalduz. Testuak, barriz, Irati Merino ilustratzaileak egindako irudi ederrakaz apainduta datoz. Beste urte batzuetan legez, eskola agendearen edukiak edota atalak www.zuztarretatikahora.com webgunean dagoz ikusgai. Egitasmo honek bere zuztarrak hazi eta potolotu nahi ditu bailarako ondare etnolinguistiko eta kulturalagaz.
Azkenik eskola agendeak eskaintzen deuskuzan aukerak ugari dira, ez bakarrik irakaskuntzan, baita beste esparru batzuetan be. Eskola agendea oso egokia da olgetako, sortzeko, irudikatzeko, ikasteko, irakurteko, gozetako, margotzeko, etab.
zuztarluze.com eta zuztarretatikahora.com, erabarrituak
Webgune bi honeek Zuztarretatik Ahora egitasmoaren beste kimu bi dira. Zuztarluze.com webgunean youtubeko kanalean jarritako bideo barri bi txertatu ditue: 2014-2015 ikasturtean Arrigorriagan zein Basaurin egin dan Zuztarluze txapelketearen testigantzea jasoten ditue, biak ala biak. Webgune honetan ez da nobedade bakarra. Jolas interaktiboa bera be sarean dagoalako. Lehen ikastetxeetara mugatzen zan interaktiboa, gaur egun, mundu osora zabaltzen da. Nerbioi-Ibaizabal bailarako euskereagaz edozeinek olgau leike. Ikastetxeetan erabilten dan interaktiboari egokitzapen batzuk egin jakoz, bai eta bailarako mapa zein egitasmoa babesten dabenen logoak be jolasaren diseinuagaz doitu.
Zuztarretatikahora.com webguneak, eskaparatea barritzeaz gan, urteotan sortutako materiala deskargetako aukerea be emoten dau. Erabilgarritasunean irabaziz eta egitasmo honek urteotan izan dauen produkzinoa zein egitasmoaren beraren dimensinoa egoki atzemoteko aukerea emonez.
Ibilbide toponimikoak: Zuztarretatik oinez
Orain dala urte batzuk, Nerbioi Ibaizabal Bailaran, martxan jarritako Zuztarretatik ahora egitasmoari jarraipena emon guran, bederatzi herritan (Arakaldo, Arrankudiaga, Arrigorriaga, Basauri, Etxebarri, Galdakao, Orozko, Ugao-Miraballes eta Zaratamon) dagozan ibilbideak erakusteko bideo barri bi aurkeztu ditu Labayru Fundazinoak: Antxinaren arnasa: Ibarra, Zaloa, Urigoiti (Orozko) eta Mape errekea, Txarapiolatik Ganpera (Busturia).
Helburua, aitatu udaletako herri ondarearen transmisinoa modu ludiko eta atseginean egitea da; eta ondare hori herritar guztien artean ahalik eta gehien zabaltzea. Bideootan era askotako informazinoa erakusten da: toponimia, ohiturak, herriko bizimodua, herriko bazterrak, denporearen joanean izan diran aldaketak... Herrien lehena eta oraina ezagutzeko aukera ederra.
Bederatzi udalak hain desbardinak izanik, emoitzak be holakoxeak dira: ibilaldi luzeago edo laburragoak; auzoetatik egiten diranak, edo urigunetik urten barik; basoak eta mendiak zeharkatuz... Edozelan be edonork egiteko moduko ibilaldiak.
Batzuetan, herrietako irudien osogarri, bertako lekukoak be alkarrizketatu ditue eta euren testigantzak bideoetan txertaturik agertzen dira. Bideoak www.zuztarretatikahora.com webgunean ikusgai egongo dira, baita udal bakotxaren webguneetan be; ikusi nahi dituen edonoren eskura, horixe baita helburua, transmisinoaren kateari jarraipena emotea, eta ondare horren zabalkundeari bideak edego eta ugaritzea.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!