IX. Mangamorek Bless 4 talde japoniar ospetsua ekarriko dau

Bizkaie! 2015-10-06 15:37   kulturbiz

Amorebieta-Etxanon barriro be IX. Mangamoregaz batera Japoniako kulturea eta manganime izango doguz ikusgai. Urriaren 9tik 11ra edade guztietako milaka lagunek 100 ikuskizun eta jarduera baino gehiago izango ditue.

Amorebieta-Etxanon barriro be Mangamoreren IX. edizinoagaz batera Japoniako kulturea eta manganime izango doguz ikusgai. Urriaren 9tik 11ra edade guztietako milaka lagunek 100 ikuskizun eta jarduera baino gehiago izango ditue. Programautako jardueren artean, besteak beste, musika emonaldiak, lehiaketak, bideo jolasak edota umeentzako jarduerak eta gastronomikoak izango dira. 

Musikeari jagokonez, Bless 4 ikaragarrizko salmentak dituan talde japoniarra urriaren 10ean, zapatuan, ikusi ahal izango da Zelaieta Zentroan. Lau neba-arrebek osotzen dabe koru eta jantza talde hau eta aurten Oricon, i Tunes edo Amazon CD lako zerrendetan goiko postuetan izan dira.

Ruki-Chan be Japoniatik dator. Valentziako neska gazte batek abestea eta manga gogoko izan eta Japonian idol bihurtzeko bere amesa lortzen saiatu zan, album bat grabetako aukerea emon eutson lehiaketa bat irabazita.

Era berean, Cosplayren erakusketak ikusgai egongo dira eta baita bideojokoetako musikea entzuteko be Attack on Games taldearen kontzertuari esker.

Mangamorera hurreratzen diranek Japonia tradizionalaz gozetako aukerea be izango dabe, izan be, kimono erakusketea eta Taiko, karate eta aikido lako kirolak edo Senmaru Mauichi artista japoniarraren malabar eta truko tradizionalak be izango dira.


Teknologia eta bideojokoak

Teknologiarik barriena bertan izango da 3Dko imprimagailuakaz eta errobotikea be egongo da, etxeko gazteenei zuzendua oraingoan.

Bideojokorik barrienak be ikusi ahal izango dira eta Oculus Rift probetako aukerea be egongo da. Era berean, 19 tailer programau dira eta horreen artean ondokoak azpimarratu daitekez: cosplay, origami, amigurumi edo shogi, baita Japoniako xakea be.

Mangamorek ganera bere maskotearen, Ureshiren bideojoko bat sortu dau Android daben eskuko telefonoakaz erabilgarria. Ureshis Adventure izeneko bideojokoa doban behera kargau daiteke. Horregaz batera Mangamoreko webgunean doban online jolasteko aukerea emoten dauena be badago.


Ludotekea

Hirugarren gunea ume eta nerabeentzat da, 6 urte baino gehiago dituenentzat; ludoteka bat eta Pokemon gune bat izango dira txapelketa, ginkana eta umore horiko lehiaketetako partaide sentidu daitezan gazteak.


Gastronomia

Japoniako jatekoa be elementu garrantzitsua da Mangamoreren edizino honetan, izan be, Japoniako jatekoa probetako aukerea egongo da; hurreratzen diranek sushia probau ahal izango dabe edota okonomiyaki edo gyoza preparau sukalde tailerretan.

Zornotzako ostalariek be ez dabe egunotan herrian izango dan manga kulturatik kanpo geratu gura eta Amorebieta-Etxanoko hamaika tabernek pintxoak eskainiko ditue japoniar erara. Horretarako urriaren 10era arte itxaron beharko da. 


Txapelketak

Mangamoreko Quidditch txapelketeak be lekua izango dau. Bizkaia, Araba, Katalunia, Madril eta Frantziako taldeak kirol berezi honetako saria irabazteko lehian izango dira Larrea kirol zelaian.

Larrean bertan Mangamoreko Akita eta Shiba Inu arrazako txakurren ohiko lehiaketea egingo da.

Informazino gehiago hemen.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu