EIZIEren aldarria Itzulpengintzearen Nazinoarteko Egunean

Bizkaie! 2015-09-30 17:52   kulturbiz

Itzulpenaren garrantzia dinogu, bete-betean uste dogulako kulturan aurrera egiteko, kulturea garatzeko, jakintzan eta komunikazinoan aurrera egiteko ezinbestekoa dala itzulpenaren alorrari zor jakon arreta eta baliabideak emotea. Nekez egingo dauelako aurrera inork gaur egungo munduan itzulpenari behar besteko garrantzia emon barik.

Itzulpengintzearen Nazinoarteko Egunaren harian, lanbidearen aldeko aldarria plazaratu dau EIZIE, Euskal Itzultzaile, Zuzentzaile eta Interpreteen Alkarteak, euskal itzulpengintzeak azken urteotan egin dituan aurrerapenak eta bizi dituan kezka eta erronkak jentaurrean ezagutarazoteko. Horretaz egin dau berba Mikel Garmendiak: 28 urte betetera goaz. Adinez nagusi ez eze, eskarmentudun be bagara honezkero eta, indarbarriturik aldarrikatu nahi dogu gaur, irailaren 30 honetan, itzulpenaren garrantzia.

Itzulpenaren garrantzia dinogu, bete-betean uste dogulako kulturan aurrera egiteko, kulturea garatzeko, jakintzan eta komunikazinoan aurrera egiteko ezinbestekoa dala itzulpenaren alorrari zor jakon arreta eta baliabideak emotea. Nekez egingo dauelako aurrera inork gaur egungo munduan itzulpenari behar besteko garrantzia emon barik.


Senez aldizkaria: ofizioaren isla

Senez itzulpen-aldizkariaren 46. zenbakia kaleratu dau aurten EIZIEk, eta aurtengo alearen barri emon dau Karlos del Olmok. Izan be, itzulpengintzeagaz zerikusia izan leikien alderdi guztien topaleku dogu aldizkaria. Aldatu egiten dira itzulgaiak eta ikertzaileen jomugak, eta, horreekaz batera, profesionalon beharrizan eta lanabesak. Aldatzen da mundua, eta aldatzen itzulpengintzea: biak gero eta digitalagoak dira, gero eta ezin ukutuzkoagoak, itzultzaileak edonon izan leike lantokia, eta testu itzulia ia paratzeaz batera ikusi leike hartzaileak.


Gure ofizioaren aldarria

Irailaren 30ean, gaurko egunean hil zan Eusebio Hieronimo Estridonekoa, 420. urtean. San Jeronimo, katoliko eta ortodoxoentzat, Biblia itzuli eta Vulgata itxi euskuna. Itzulpengintzearen Nazinoarteko Egun izentau eban FITek 1991n egun hau, eta holan ospatzen dogu ordutik itzultzaileok. Ez dogu hain aspaldikoa, beraz, itzultzaileon eguna. Lehenagokoa dogu, esate baterako, gure alkartea bera, EIZIE, 1987an sortua. Baita gure alkartearen ekimenez abiarazotako Literatura Unibersala bildumea be, 1990ean ikusi ebalako argia lehen aleak.

28 urte beteko doguz datorren zemendian, eta hainbat eta hainbat itzultzaileren bilgune izan da ordutik hona. Gaur egun, 361 bazkidek osotzen dogu itzultzaileon aterpe hau. Alkartearen Senez aldizkariak, barriz, 31 urte bete ditu. 1988an etorri zan alkartera Martuteneko Itzultzaile Eskolearen eskutik, eta 46. zenbakia plazaratu barri dogu.

Eta gazteagoak doguz, barriz, gure beste ekimenok: ItzuL posta-zerrendea, 31 eskutik bloga, NdN Euskal Itzulpengintzearen datu-basea... Horreek, labur adierazota, gure alkartearen jardun eta emoitzak.

Horrexegaitik uste dogu herrialde bateko erakundeek, kulturearen alorrean, erabateko lehentasuna emon behar deutsiela itzulpen-politika ondo zehaztua eukiteari eta horretarako beharrezko baliabideak jarteari. Bestela esanda, ondo zehaztua izan zer, zelan, nork, zein baldintzatan... itzuli behar dan geurea be kultura-hizkuntzea izan daiten eta, behin horreek zehaztuta, behar besteko baliabideak jarri hori guztiori gauzatzeko. Horra gure konbentzimendua, horra gure aldarria.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu