Aitzol Aramaioren alaitasuna Marabilli Festibalaren hirugarren ekitaldira eroango dabe urri hasieran
2015-09-29 14:57 kulturbizEkitaldiz lepo dator Marabilli Sormen Festibala Ondarroara, igaz egindako etenak emondako indar barriagaz. Aitzol Aramaio (1971-2011) zinegile ondarrutarra gogoan euki eta haren izakereagaz bat datorren topaketa kultural herrikoia egitea da asmoa. Urriaren 1etik 4ra, kontzertuak, errezitaldiak, zinemea eta abar egongo dira. Herritarrek herritarrentzako modu boluntarioan egindako lana dala adierazo dabe antolatzaileek eta ondarrutar zein kanpokoak disfrutetera deitu ditue.
Ekitaldiz lepo dator Marabilli Sormen Festibala Ondarroara, igaz egindako etenak emondako indar barriagaz. Aitzol Aramaio (1971-2011) zinegile ondarrutarra gogoan euki eta haren izakereagaz bat datorren topaketa kultural herrikoia egitea da asmoa. Urriaren 1etik 4ra, kontzertuak, errezitaldiak, zinemea eta abar egongo dira. Herritarrek herritarrentzako modu boluntarioan egindako lana dala adierazo dabe antolatzaileek eta ondarrutar zein kanpokoak disfrutetera deitu ditue.
Aitzol beti izan zan apur bat zoroa eta guk espiritu horri eutsi nahi deutsagu, adierazo dau Kirmen Uribe idazle eta Marabilliko antolatzaileak, egitarauaren barri emoteko antolatutako ekitaldian. Holan, era askotako ekitaldiak egongo dira aukeran urriko lehenengo lau egunetan, batzuk ohiko kultur eskaintzeari lotuak, beste batzuk ekimen zoroago edo barritzaileagoak.
Ganera, herritarrek eta Marabillira hurreratzen diran guztiek modu aktiboan parte hartzea nahi dabela dino Uribek: Gure ustez, kulturea ez da gauza pasibo bat, jentea gauzak sortzen hastea positiboa da. Bide horretan, aurtengo egitaraua preparetako herritarrek hartu daben ekimena goraipatu dau. Betiko legez, Manuelistak alkartea be jo eta su ibili da antolakuntzan.
Egitarau bete-betea dakar, beraz, Marabilli Sormen Festibalaren hirugarren ekitaldiak. Normalean jenteak ikusteko aukerarik ez daukan artistak ekarten ahalegindu gara, azaldu dau Kirmen Uribek. Kontzertuek hartzen dabe egitarauaren zati handi bat. Uriberen esanetan, gaztetan abentura politak bizi izan zituen Aitzol Aramaiok eta berak, kontzerturik kontzertu ibilten ziranean, sarri autostopean. Gu, eta danok, musikeak mobiduten gaitu, esan dau idazleak.
We Are Standard eta La M.O.D.A. taldeen kontzertua azpimarratu dau Uribek, baita Anarik emongo dauena be, disko barria aurkezteko birearen barruan. Era berean, Gatibuk eta Strombers-ek emongo daben kontzerturako sarrerak agortuta dagozala ohartarazo dabe antolatzaileek. Alex Sardui Gatibuko kide eta Aitzol Aramaioren lagunak adierazo dau, plazerra izango dala eurentzat Ondarroan jotea. Herriak daukan giro euskalduna azpimarratu dau. Ondarroa beti mundura begira egon da eta orain, munduak Ondarroara begiratzeko unea da, ganeratu dau Sarduik.
Musikaz aparteko beste ekitaldi asko be egongo dira Marabillin. Esate baterako, Joseba Sarrionandia idazle iurretarrak 'Marabilli' berbearen ganean idatzitako gogoeta laburra aurkeztuko dabe eta Manuel Rivas idazle galiziarrak galizieraz errezitauko ditu bere poemak. Ondarroan jatorri galiziarreko herritar asko dagozala gogoan hartu dabe antolatzaileek. Amama, Donostiako Zinemaldian estreinau barri dan filma, proiektauko dabe eta, bestetik, Montxo Armendariz zuzendariak gogokoen dituan eszenak azalduko ditu.
Aurtengoan, kirolak be lekua izango dau Marabillin, Ondarroako Aurrera futbol taldeari esker. Ezinezko partidua antolatu dabe: Aurrera taldeko jokalariek herriko dozenaka umeren kontra jokatuko dabe. Marabilli festibaleko egitarau oso-osoa hemen.
Kontuak kontu, jaialdi herrikoia eratzeko erronkeari erantzun deutsie Manuelistek oraingo honetan be. Modu boluntarioan egindako lana da hau eta irabaziak Ondarroako herriak jasoko ditu, adierazo dau Kirmen Uribek. Herritik urten dauen zita bat da, ganeratu dau Alex Sarduik, herriak antolatutako gauzak danok disfrutetan doguz. Ekitaldi batzuetarako sarrerak agortzen hasi dirala eta, arin ibilteko eskatu deutsie zaleei.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!