Joseph Camino Hasquet ohorezko euskaltzaina hil da
2015-07-06 16:28 kulturbizJoan dan zapatuan, garagarrilaren 4an, hil zan Joseph Camino ohorezko euskaltzaina, 88 urte zituala. Abadea eta idazlea, Pan Pin aldizkaria sortu eban. Haren aldeko hileta eleizkizuna datorren eguaztenea, hilaren 8an, izango da, arratsaldeko 15:00tan, Kanboko (Lapurdi) eleizan.
Joan dan zapatuan, garagarrilaren 4an, hil zan Joseph Camino ohorezko euskaltzaina, 88 urte zituala. Abadea eta idazlea, Pan Pin aldizkaria sortu eban. Haren aldeko hileta eleizkizuna datorren eguaztenea, hilaren 8an, izango da, arratsaldeko 15:00tan, Kanboko (Lapurdi) eleizan.
Joseph Camino Hasquet Arnegin (Nafarroa Beherea) jaio zan, 1927ko zezeilaren 7an. Arnegiko, Hazparneko, Uztaritzeko eta Baionako seminarioetan egin zituan ikasketak. 1951ean abadetu eta Baionako San Andreseko bikario izan zan.
1953. urtean, Ipar Euskal Herriko umeen eta gazteen aholkulari jardun eban. Urte berean, Euskaltzaleen Biltzarraren idazkari hautatu eben. Euskal Herriko Koralen Abesbatzaren buru be izan zan.
Pan Pin hilabetekaria sortu eban. Umeentzako komiki aldizkaria zan eta Zeruko Argia aldizkariak argitaratu eban, 1960tik 1970era bitartean.
Etxea, Gazte, Otoizlari eta Herria aldizkarietan be idatzi izan dau noizbehinka. 2008an, Herria maitez, Eliza maitez liburua argitaratu eban.
1965ean, Baionako abade nagusi hautatu eben eta lau urte geroago, 1969an, Hazparneko misiolarien buru. Era berean, Hazparneko abade nagusi izan zan (1976an), Baionako katedraleko abade nagusi (1982an), Seminarioko buruzagi (1987an), Ipar Euskal Herriko bikario nagusi (1990ean) eta abade laguntzaile Getarian (Lapurdi), 2002an.
Euskaltzaindiak, 1961eko abuztuaren 25ean euskaltzain urgazle izentau eban eta 2004ko zemendiaren 26an, ohorezko euskaltzain.
2014ko zemendiaren 29an, Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailak antolatutako Parrapean - Komiki Egunak jardunaldietan Parrapean izeneko saria emon eutsien, Pan Pin aldizkaria sustatzeagaitik. Esan bezela, aldizkaria Zeruko Argiak argitara emon eban eta umeentzako komiki aldizkaria izan zan. Omenaldian, ekimenaren antolatzaileek azpimarratu ebenez, garai horretan, euskerea hezkuntza sisteman baztertuta egoan eta komunikabideetan ia ez zan ikusten. Beraz, traba asko gainditu behar izan ziran, komiki harek argia ikusteko.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!