'Excellence in Basque Studies V' Udako Ikastaroetan
2015-07-06 14:17 jardunaldiakGaragarrilaren 8tik 10era bitartean, ume eta gazte literaturea, genero ikasketak, irakurzaletasuna garai digitalean edo gizarte eleanitzek idazleari sortzen deutsiezan erronkak izango ditu aztergai ikastaroak, besteak beste, Mariasun Landak urtetan jorratu dituan atalak.
Etxepare Euskal Institutuaren eskutik, Excellence in Basque Studies ikastaroaren bosgarren edizioa izango da aurten EHUko Udako Ikastaroetan. Ikastaro honek egungo atzerriko unibersidadeetako irakurleen zein etorkizunekoen formazinoa sendotu nahi dau, eta horretarako, euskerearen eta euskal kulturearen jakintza arlo desbardinetako adituak izango dira hizlari. Aurtengo edizinoan Mariasun Landa idazlea omenduko dabe. Garagarrilaren 8tik 10era bitartean izango da, Udako Ikastaroen egoitza nagusi dan Donostiako Miramar Jauregian.
Ume eta gazte literaturea, genero ikasketak, irakurzaletasuna garai digitalean edo gizarte eleanitzek idazleari sortzen deutsiezan erronkak izango ditu aztergai ikastaroak, besteak beste, Mariasun Landak urtetan jorratu dituan atalak.
Euskerea eta euskal kulturea nazinoartean sustatu eta zabaltzea dau helburu Etxepare Euskal Institutuak. Gaur egun, 34 irakurletza ditu Euskal Herritik kanpoko unibersidadeetan, eta horreetan euskerea eta euskal kulturako 27 irakasle ditu. Horreez gan, 5 katedra be sortu ditu, beste horrenbeste unibersidadetan (Chicago, NY, Frankfurt, Reno eta Liverpool urietan). Excellence in Basque Studies ikastaroak 5 urte daroaz unibersidade horreetan irakurle izango diranen formazinoa eskaintzen.
Ikastaroa zabalik egongo da matrikulau nahi dauen edozeinentzat, baina aukerea dago konbidapena be jasoteko. Edozelan be, informazino gehiago behar izan ezkero, jarri zaiteze harremanetan ondoko e-posta helbidea erabiliz: k-galartza@etxepare.eus.
Informazino gehiago eta egitaraua hemen.
Mariasun Landari omenaldia
30 titulu baino gehiago eta hamaika sari ditu Mariasun Landa ume eta gazte literaturako idazleak. Nazinoartean be izan dau bere oihartzuna, izan be euskal idazle itzulienetakoa da. Bere lana eta ibilbidea goraipatzeko asmoz, idazleari kultur omenaldia egingo jako Donostiako Aquariumean garagarrilaren 9an, Mariasun Landarekin Solasean izenburupean.
Hitzordua arratsaldeko 19:00retan izango da eta euskal kulturgintzako makinatxu bat protagonista batuko dira bertan; Landaren bidelagun izan diran Bernardo Atxaga, Juan Kruz Igerabide, Patxi Zubizarreta, Miren Agur Meabe, Miquel Desclot eta Fina Casadelrrey idazleek esku hartuko dabe irakurketa literario desbardinetan. Landaren testuak zein ekitaldirako beren-beregi sortutako testuak errezitauko ditue idazleok. Bitartean, euskal ilustratzaile entzutetsuek zuzeneko marrazkiak sortuko ditue: Antton Olariaga, Jokin Mitxelena, eta Espainiako Ilustrazino Saria irabazi barri dauen Elena Odriozola. Horreek guztiek Juantxo Zeberio pianistea izango dabe lagun.
Era berean, ekitaldian esku hartuko dabe, Iñaki Goirizelaia UPV-EHUko Errektoreak eta Vicente Zaragüeta Aquariumeko presidenteak.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!