Eider Eibar zornotzarrak 'Barrukoa' liburua aurkeztu dau
2015-06-15 18:05 kulturbizBarrukoa Eider Eibarrek bakarka argitaratu dauen lehenengo liburua da. Aurrez, haur literaturako makina bat liburutarako marrazkiak egiten ibili da, beti be beste idazleek sortutako kontakizunetako testuak ilustretan. Orain, ostera, irudiakaz bakarrik osotu dau kontau nahi eban istorioa, testurik barik, eta aspaldidanik buruan izan dituan irudiak kanporatu eta guztiei zentzu eta hari narratibo bat emon deutse.
Eider Eibar ilustratzaile zornotzarrak Barrukoa lana aurkeztu dau oraintsu Gasteizko Zuloa liburu-dendan EDO! Argitaletxearen eskutik. Liburu-dendan bertan libururako sortutako ilustrazinoakaz erakusketea osotu dau egileak, Barrukoa kanpotik izenburupean, eta irailaren 5era bitartean ikusgai egongo da. Ondoren, Durangoko Arteka liburu-dendan ikusi ahal izango dira Eider Eibarren Barrukoa lanetik sortutako ilustrazino, zirriborro eta bestelako arte lanak.
Eider Eibar ilustratzaile ezaguna da euskal liburugintzan, idazle ugariren lanei irudien bidezko formea emon izan deutse, ume eta gazte literaturan gehien bat. Barrukoa lanagaz beste pausu bat emon dau, eta liburuaren alde guztiak hartu ditu beregan, berbarik bako istorio bat kontetako.
Barrukoa Eider Eibarrek bakarka argitaratu dauen lehenengo liburua da. Aurrez, haur literaturako makina bat liburutarako marrazkiak egiten ibili da, beti be beste idazleek sortutako kontakizunetako testuak ilustretan. Orain, ostera, irudiakaz bakarrik osotu dau kontau nahi eban istorioa, testurik barik, eta aspaldidanik buruan izan dituan irudiak kanporatu eta guztiei zentzu eta hari narratibo bat emon deutse.
Barrukoa bidaia bat da, barrura begira egindako esplorazino edo miaketea. Neskato bat agiri da lehenengo orrialdeetan. Bere gurditxuko arkatz eta margoakaz lurra marrazten hasiko da eta halako batean, ezustean, burua sartuko dau bere marrazkietan, ostrukek burua lur azpian sartzen daben moduan. Ez, ostera, burua ezkutatzeko asmoz, arakatzeko intentzinoagaz baino.
Eta burua Barrukoan sartzeagaz batera, jausi egiten da neskatoa, Aliziak untxiaren gordelekuan izaten dauen jauskeraren antzekoa da izan, baina marrazkien barrualdera salto eginez eta, neurri batean, baita marrazkilariaren barrura be. Hori bai, ikusi egin beharko da zelan urtengo dauen neskatoak barrutik kanpora…
Izan be, zehetasunez ganezka egiten daben ilustrazinoek osotzen dabe Barrukoa eta kontetan daben istorioaz gan, ilustrazino bakotxak bere izaera propioa dauela be esan daiteke.
Era berean, Barrukoa liburuaren harira Barrukoa kanpotik izeneko erakusketea be atondu dau Eider Eibarrek. Ikusgai jarri ditu liburuko marrazki bakotxera heltzeko emondako pausuak eta, beraz, Barrukoa liburuko jatorrizko ilustrazinoak erakusteagaz batera, bozeto, zirriborro, saiakera eta alde batera itxitako materiala be aurkeztu dau.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!