Mundakako Udal Liburutegiak J.M Etxeitaren heriotzearen mendeurrena ospatuko dau
2015-06-09 17:21 kulturbizMundakak Jose Manuel Etxeita (Mundaka 1842-1915) herriko idazlea omenduko dau, aurten haren heriotzearen mendeurrena ospatzen dalako. Udal Liburutegiak bere izena daroa eta ekintza ugari antolatu ditu bagila eta abuztua bitartean.
Mundakak Jose Manuel Etxeita (Mundaka 1842-1915) herriko idazlea omenduko dau, aurten haren heriotzearen mendeurrena ospatzen dalako. Udal Liburutegiak bere izena daroa eta ekintza ugari antolatu ditu bagila eta abuztua bitartean.
Jose Manuel Etxeita eta Luzarraga Mundakan jaio zan 1842. urtean. Gaztetatik ibili zan itsasoan txo legez, gerora Bilbon nautikea ikasteko. Pilotu-titulua eskuratuta, mundu zabaleko itsasoetan ibili zan hainbat urtez. Manilan: Larrinaga y Compania etxekoakaz jardun eban lanean, geroago Mundakara itzultzea erabagi eban betiko.
Itsas astronomiaz jardun eban; musikari be ekin eutson eta euskereari lan handia eskaini eutson. Mundakan azken urteetarako eregiarazo eban etxean emon zituan ezagutzera euskal munduari erregalau eutsozan lanik baliotsuenak. Domingo Aguirreren bideari ekin eutson, holan agertzen da bere Josecho (1909) eta Jayoterri maittia (1910) lanetan; horreetan, kostunbrista arauak jarraitzen ditu foiletoi eta abentura eleberrien elementuak gehituz.
Idazle mundakarri omenaldia eskaintzeko Udal Liburutegiak artistearen gaineko erakusketa bat atondu dau, datorren eguaztenean, bagilaren 10ean inaugurau eta abuztuaren 10era arte ikusi ahala izango dana; Mundakako Alkateak, Aitor Egurrolak inaugurauko dau 18:45ean. Jarraian, Edorta Jimenez idazle mundakarrak berbaldia emongo dau: Etxeitaren negua Irlandan izenburupean.
Garagarrilaren 10ean, berbaldiak atondu ditue Euskaltzaindiaren eskutik: sarrera-berbaldia Mundakako Alkateak, Aitor Egurrolak egingo dau 19:00retan; ondoren, Jon Kortazarrek, Euskaltzain urgazle eta idazleak Josetxo eta Etxeitaren biografia berbaldia eskainiko dau 19:10ean, eta Antzuolako idazle eta Euskaltzaina dan Ana Toledok, barriz, Ardibasotik Ardibasorako joan-etorriaren gaia jorratuko dau 19:40an; amaiera-berbaldia Andres Urrutia Euskaltzainburuak emongo dau.
Etxeitaren heriotzearen urteurrena ospatzeko ekitaldiek abuztuaren 10ean izango dabe jarraipena, egun horreetan Udal Liburutegiko erakusketeari amaierea emon eta idazleari omenaldia eskainiko jako.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!