Mariasun Landa idazlea omenduko dau Excellence in Basque Studies V. Udako Ikastaroak

Bizkaie! 2015-06-02 15:41   jardunaldiak

Etxepare Euskal Institutuak, aurten be, Atzerriko Unibersidadeetan Euskerea eta Euskal Kulturea Irakasteko Prestakuntza Ikastaroa antolatu dau, EHUko Udako Ikastaroekaz lankidetzan. Ikastaroak Excellence in Basque Studies V. Mariasun Landaren omenez" dauka izena, eta Mariasun Landa ume eta gazte literaturako idazlea izango dau protagonista. Ikastaroa Donostiako Miramar jauregian egingo da, garagarrilaren 8tik 10era.

Etxepare Euskal Institutuak, aurten be, Atzerriko Unibersidadeetan Euskerea eta Euskal Kulturea Irakasteko Prestakuntza Ikastaroa antolatu dau, EHUko Udako Ikastaroekaz lankidetzan. Ikastaroak Excellence in Basque Studies V. Mariasun Landaren omenez" dauka izena, eta Mariasun Landa ume eta gazte literaturako idazlea izango dau protagonista. Ikastaroa Donostiako Miramar jauregian egingo da, garagarrilaren 8tik 10era. Mariasun Landa idazlea, Bernardo Atxagagaz batera, euskal idazlerik itzuliena da.

Aurten be Etxepareko Euskerearen Sustapen eta Hedapenerako zuzendari  Mari Jose Olaziregik gidatuko dau mintegia. Etxeparek 34 irakurletza ditu gaur egun Euskal Herritik kanpoko unibersidadeetan, eta horretan euskera eta euskal kulturea erakusten daben 27 irakurle ditu. Ikastaro honek egungo irakurleen eta etorkizunekoen formazinoa sendotu nahi dau -interesa dauen edonorentzat be zabalik badago be- eta horretarako euskal kulturearen jakintza arlo desbardinetako adituak gonbidatzen ditu urtero, azaltzen dabe antolatzaileek.
 
Ikastaroak ume eta gazte literaturea, genero ikasketak, irakurzaletasuna sasoi digitalean edo gizarte eleanitzek idazleari sortutako erronkak izango ditu gogoetagai. Hain zuzen be, horreek dira Landak urtetan jorratu dituan gaiak.  Mintegi praktikoetan, bestalde, euskal sinbologiari, unibersidadean euskera erakusketarakoan sortzen diran zailtasunei aurre egiteko tresnei eta irakasteko erabilgarri izan daitekezan danetariko baliabideak aztertuko ditue.
 
Irakasleen artean kanpoko eta bertoko adituak izango dira: Olga Anokhina (Centre National de la Recherche Scientifique, Paris), Francesc Xavier Pla i Barbero  (Universitat de Girona), Gemma Lluch (Universitat de València), Gema Lasarte (UPV/EHU), Nerea Arruti (University of Aberdeen) eta Mikel Ayerbe (UPV-EHU).  Mintegi praktikoak, barriz, Etxepare Euskal Institutuaren sareko hainbat irakurlek emongo ditue: Miren Ibarluzea (Université Sorbonne Nouvelle III, Paris), Gorka Mercero (University of Liverpool) eta Aitor Arruza (University of Warsaw).
 
Garagarrilaren 9an, gainera, publiko orokorrari zabalik izango dan irakurketa literarioa eskainiko dabe Donostiako Aquariumean, Mariasun Landarekin solasean izenburupean. Bertan Bernardo Atxaga, Juan Kruz Igerabide, Patxi Zubizarreta, Miren Agur Meabe, Miquel Desclot eta Fina Casadelrrey idazleek parte hartuko dabe, zuzenean marrazkiak sortuko dituan Antton Olariaga, Elena Odriozola eta Jokin Mitxelena ilustratzaileekaz batera. Juantxo Zeberio musikaria lagun izango dabe pianoagaz.

Mintegiaren ganeko argibide gehiago, hemen.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu