Ainara LeGardon, Jaime de los Ríos eta Eneko Gilek egonaldi artistikoa egingo dabe Wroclaw urian
2015-05-27 11:40 kulturbizAinara LeGardon musikariak, Jaime de los Ríos media artisteak eta Eneko Gil jantzariak Poloniako Wroclaw urian egonaldi artistiko bana egiteko aukerea izango dabe uda partean, Donostia 2016k eta Etxepare Euskal Institutuak bigarren urtez sustatutako deialdiari esker.
Ainara LeGardon musikariak, Jaime de los Ríos media artisteak eta Eneko Gil jantzariak Poloniako Wroclaw urian egonaldi artistiko bana egiteko aukerea izango dabe uda partean, Donostia 2016k eta Etxepare Euskal Institutuak bigarren urtez sustatutako deialdiari esker.
Donostia 2016 gunean egindako prentsaurrekoan aurkeztu dabe aurtengo deialdia. Bertan izan dira Xabi Paya Donostia 2016ko Kultur zuzendaria, Aizpea Goenaga Etxepare Institutuko zuzendaria eta hiru artistak.
Mobikortasuna, kulturen arteko alkarrizketea eta nazinoarteko alkarlana bultzatzeko asmoz sortutako deialdira sorkuntza arlo anitzetako egitasmoak aurkezteko aukerea egon dala gogorarazo dabe (arte eszenikoak, musikea, literaturea, arte plastikoak, ikus-entzunezkoak), bai eta diziplina arteko proposamenak be, betibe Wroclaw/Donostia 2016ko Europar uriburutzetako hariakaz lotutako proiektuak izanik.
Aurten hautatuak izan diran hiru artistek euren egitasmoak azaldu ditue prentsaurrekoan. Ainara LeGardon musikariak Donostia eta Wroclaw urietako soinuak jaso eta gidoi entzungarri bat sortuko dau; ondoren, haren interpretazinoa eskainiko dau, eta esperientzia testu batean jasoko dau.
Bestalde, Jaime de los Ríos media artisteak zubi digital, kolektibo eta edegia sortuko dau bi urien artean, Twitter plataformea oinarri hartuta, eta Eneko Gil jantzariak Schulz idazle, margolari eta artista grafiko poloniarraren bizitza eta obrea gorpuztuko ditu euskal jantza tradizionala eta garaikidea buztartzen dituan jantza-solo batean.
Agerraldian, Payak eta Goenagak holako joan-etorriko bidaien garrantzia nabarmendu dabe, euskal egileei ate barriak zabaltzen deutseezalako. Gainera, aurtengo egoitza programan hautatutako hiru artistak eta igaz egitasmoak gauzatu zituen Matxalen de Pedro, Maialen Sarasua eta Goiatz Labandibar sortzaileek Wroclaweko Europako Kultura Uriburutzeak Donostia 2016ko Hazitegiak programearen babesagaz antolatutako BASK jaialdian parte hartuko dabe garagarrilean, nork bere proiektua aurkeztuz.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!