David Hornback argazkilaria eta Kveta Pacovskà irudigile txekiar ospetsua Bilbao Arten

Bizkaie! 2015-04-15 11:21   kulturbiz

David Hornbackek argazkilari estadubatuarrak kaleko argazkigintzearen ganeko berbaldia eskainiko dau gaur, hilak 15, arratsaldeko 18:30ean; halan da be, haren lanaren inguruan antulotuko diran ekitaldiak maiatzera arte iraungo dabe. In the street argazki erakusketea izango da ikusgai apirilaren 24ra arte Bilbao Arteko kristalezko patioan, eta Hiri irekia. Street Photography izeneko ikastaroa emongo dau maiatzaren 21era arte. 

David Hornbackek kaleko argazkiaren misterioak argituko ditu Bilbao Arten; argazkilari estadubatuarrak kaleko argazkigintzearen ganeko berbaldia eskainiko dau gaur, hilak 15, arratsaldeko 18:30ean; halan da be, haren lanaren inguruan antulotuko diran ekitaldiak maiatzera arte iraungo dabe. In the street argazki erakusketea izango da ikusgai apirilaren 24ra arte Bilbao Arteko kristalezko patioan, eta Hiri irekia. Street Photography izeneko ikastaroa emongo dau maiatzaren 21era arte.

Street photography izenekoa XIX. mendearen amaieratik erabilten hasi ziran kamera arinago eta mobikorragoen agerpenagaz batera sortu zan. Generoaren adierazpenik gorena André Kertész eta Henri Cartier-Bresson maisuen eskutik heldu zan. David Hornbackek (Los Angeles, AEB, 1962) Pulitzer saria irabazi eban 1990ean San Jose Mercury News egunkariko erredakzinoko bere kideakaz batera, San Frantzizkon jazotako Loma Prietako lurrikearari buruzko erreportajeagaitik.

Erreportari grafiko legez, National Geographic, GEO, Time, New York Times, Stern eta beste hainbat komunikabidetarako lan egin dau. Haren lanei esker, lau kontinentetan zehar ibili da, Berlingo harresiaren erorketea, Sevillako 1992ko Erakusketa Unibersala edo Normandiako Lehorreratzearen 60. urteurrena lako jazoeren lekuko legez. Hornback Berlin eta Bilbo artean bizi da gaur egun eta, han-hemenka batutako irudiakaz, hainbat erakusketa egin ditu Europan eta AEBetan.

Bestalde, Kveta Pacovskà irudigile txekiarrak be berbaldia eskainiko dau gaur, hilak 15, 19:30ean, Bilbao Arteko Art House Zineman. Horrezaz gan, Heroiaren eta honen istorioaren asmaketea izeneko irudigintza tailerra eskainiko dau barikura arte. Tailerrean, nazinoarteko ospea dauen 86 urteko irudigile txekiarrak 20 artista gazteri aurre egin beharko deutse heroiaren inguruko beste horrenbeste kontakizun sortzeko asmoz.

Pacovskà Txekiar Errepublikan jaio zen 1928an, eta, Pragako Arte Aplikatuen Akademian Arte Grafiko Librean graduau ondoren, pinturan eta arte kontzeptualeko liburuen sorkuntzan espezializau zan. Banakako 90 erakusketa baino gehiago egin ditu (1961-2009), bere pintura eta papelezko eskultura erraldoiak mundu osoko museoetan eta galerietan izan dira ikusgai, eta bere liburuak hainbat hizkuntzatara itzuli dira.

Erresuma Batuko Kingston Universityko Honorary Doctor of Design aintzatespena lortu dau, besteak beste, eta hainbat liburu argitaratu ditu, berbarako, Francoise et le petit diable, l'infini, edota Un Livre pour Toi, azken honen aurkezpen ekitaldian artisteak berak landutako barruko diseinua eta arkitekturea lagun izan zituana.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu